Kamera sistema bategaz kontrolatuko dute Elorrioko Berrio-Otxoa kaleko trafikoa

Anboto 2016ko urr. 7a, 17:21

Udalak aho batez onartu du trafikoaren ordenantza aldatzea, eta urtea amaitu aurretik sistema berria ezarri gura dute.

Kamera bidez kontrolatuko dute trafikoa alde zaharreko kale horretan, baina Xabier Dominguez alkateordeak azaldu du ez dela uneoroko bideozaintza izango, baizik eta matrikulak begiratzekoa bakarrik. Horrela, baimendutakoak bakarrik sartu ahalko dira. Salbuespenen bat bada, udaltzaingoari esan beharko dio gidariak, eta arrazoiaren arabera baimenduko du.

Garajeetarako eta larrialdietarako, 24 orduko baimena egongo da, baina bestela, hainbat neurri ezarri dituzte. Kaleko etxe bakoitzean auto birendako baimena edukiko dute. 09:00 eta 13:00 bitartean egin ahalko da karga eta deskarga, eta merkatariek 06:00etatik 14:00etarako aukera edukiko dute. Gidariek denbora tarte bat izango dute: 2 eta 30 minutu artekoa. Minutu 2 baino gutxiago bada, autoa ez dela geratu ulertuko da, handik trafiko lez pasa dela soilik. Denbora ez errespetatzeak ondorioak ekarriko ditu; 30 euroko isuna ipiniko dute -15 azkar ordaintzen bada-, eta autoa han dagoen ordu extra bakoitzeko 10 euro gehituko da isuna.

Neurri honegaz, trafikoa lasaitzea eta oinezkoei lehentasuna ematea da udalaren asmoa. Idoia Buruaga alkatearen arabera, auzokide eta merkatariekin landu dute gaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!