“Herri mailan ez ezik, auzo mailan ere lan egin behar dela uste dugu”

Anboto 2016ko urr. 3a, 09:01

Denboragaz elkar lotu diren hiru auzok osatzen dute Kulotxa: Las 40, Lourdes eta Txanberi. Orain, bertoko merkatari eta ostalarien eskutik Kulotxa auzo elkartea sortu da. Auzokoei zabaltzea da helburua. Lehenengoz antolatutako Kulotxa jaiek utzitako biharamun “ezin hobean” batu gara Txaber San Pedrogaz.

Kulotxa. Izen honek badu bere istorioa atzetik, ezta?
Askok ez dakite nondik datorren Kulotxa izena. Entzuna dute, bai, baina, ez dakite jatorria: futbol partidu batzuk daude atzean. Garai batean, indar handiagoa zuten auzoek, bertan elkartzen ziren herritarrak, bertoko koadrilak sortzen ziren... auzoen arteko lehia ere bazen. Bada, auzoen arteko futbol partidu batzuk jokatzeko izena behar zuten hemen. Kulotxa izan zen topatutako izena: Las 40 (KU), Lourdes (LO) eta Txanberi (TXA). Indarra hartu zuen izenak, eta gaur arte iraun du. Gaur egun 50 bat urte dutenek asmatu zuten.

Asko aldatu da inguru hau.
Industrializazioagaz batera, 60ko hamarkadan sortutakoak dira Las 40, Lourdes eta Txanberi. Elkarrengandik oso banatuta —landak, garia, artoa... zegoen tartean—. Gaur egun, biztanleriaren laurden bat  hartzen du inguru honek. Urte hauetan guztietan asko hasi da inguru hau. Gainera, zahartzen  zihoan auzoa asko gaztetu da. Beste indar bat, beste giro bat sortu da. Industrializazioagaz batera, etorkinak etorri ziren asko, eta zelanbaiteko ghettoa sortu zen. Hala ere, apurtu egin da hori, haien seme-alaba eta ilobak guztiz integratuta baitaude herrian.

Lehenengoz Kulotxako jaiak ere izan dituzue, oraintsu.
Bai. Herriko jaiak edota bestelako ekintzak antolatzerakoan, plazan edo taberna multzoa dagoen tokietan batzen da dena. Jendea horretara dago ohituta, eta gurea lako auzoak baztertuta geratzen dira —nahiz eta, orain, herrigunetik nahiko gertu egon—. Hartara, guk geuk sortutako jaia eskaintzea erabaki genuen, eta Kulotxa auzo elkartea ere sortu dugu. Auzoari indarra emateko sortutako ekimena izan da. Momentu batera heldu gara non ez dakigun nor bizi den gure azpian. Garai batean, pentsaezina. Orduko konfiantza eta gertutasuna ez daude bizilagunen artean; oso hotza da gure arteko harreman hori atarian, auzoan eta herrian. Hori apurtu gura dugu.

Lortu da? Nola joan dira jaiak?
150 lagun batu ginen bazkaltzeko. Eta, hasieran, gainezka egingo zuelakoan, izena emateko epea amaitutzat eman genuen. Ikustekoa izan da adin askotariko jendea, elkarri laguntzen, kolaboratzen... egun oso zaila da. Auzokoak behartuta, eta herrikoak gonbidatuta zeuden! Ezin hobeto joan zen dena. Eguraldiak ere asko lagundu zuen sortutako giro horretan. Gainera, aldarrikapen izaera eman gura izan diegu jaiei. Herritarrak gure auzora erakarri gura izan ditugu, hemen gaudela erakutsi. Mugimendua eman gura diogu auzoari, eta Kulotxaren sorrera hura gogora ekarri ere bai.

Errepikatzeko moduan?
Bai! Asmoa da urtero errepikatzea. Irailaren azkenengo zapatuan Kulotxako jaiak ospatzea.

Martxoan jaio zen elkartea. Ibilbidea hasi berri duzue, ezta? Premia ikusi duzue?
Urtarrilean hasi ginen lehenengo pausoak ematen. Zortzi komertzio gaude, auzoan gauden guztiak. Halako premia bat bazegoen, beraz. Egungo egoera ez da onena merkatari txikientzat, eta halako ekimen eta ekintzak inoiz ez daude soberan. Hor dago Elorrioko Merkatari Elkartea (EME), eta oso ondo dago, baina, herri mailan ez ezik, auzo mailan ere lan egin behar dela uste dugu. Auzoetara ere begiratu behar da. Herrigunean eta beste bi lekutan ari gara dena batzen, eta hori baino askoz gehiago da herria.

Zeintzuk dira elkartearen helburu eta erronkak?
Kulotxa jaialdian izan zen giroa sortu eta eskaintzea jendeari. Bertara erakartzea jendea.

Auzoko arazo eta kezken bozgorailu ere izan gura du, ezta?
Bai.Azken finean, auzoan beharrezko ikusten diren gauzak aldarrikatzeko sortu da elkartea.

Merkatariak zaudete momentu honetan Kulotxa elkartean. Hala ere, auzokoak ere batzea gura duzue, ezta?
Halaxe da, bai. Horixe da helburua. Oraindik ere badago lan egiteko prest dagoen jendea, nahiz eta, gaur egun, oso indibidualistak izan. Telebista iragarki batek dioen bezala, “nire etxeko errepublika independentean”. Jendea elkartera batzea gura dugu, gelditzea gura ez dugun errubera bat da hau.

Garai bateko gizartera edo harremanak izateko modura bueltatu beharko genuke?
Ikusten da baietz. Informazio piloa dugu, baina, ez dakigu zer gertatzen den herrian, munduan. Lehengo erara, gauzak pertsonari begietara begiratuz esatera, esandakoa barneratzera  bueltatu beharko genuke.

Auzoak hiltzen ari dira?
Denean halako zentralizaziorako joera bat dago. Errazagoa da gauza handiak antolatzea txikiak baino, eta txikia baztertuta uzteko joera dago. Hala ere, txikiek emandakoa ez dizute ematen handiek. Adibidez, gaur egun, makro-kontzertuak baino ez dira egiten. Herrietako kontzerturik ez dago jada.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!