"Bakoitzak bere alea ipini, eta justizia lortzea da gure asmoa"

Anboto 2016ko ira. 23a, 09:40

Mundua aldatzeko esperantzagaz egiten dute borondatezko lana, txikitasunetik ere pausoak eman ahal diren konbentzimenduagaz. 20 urte bete ditu Elorrioko Kainabera gobernuz kanpoko elkarteak, eta argazki erakusketagaz eta Lajwad eta Caritasegaz batera emango duten berbaldiagaz –hilak 28, 19:00etan, Iturrin– ospatuko dute.

Hala ere, ospakizunak ospakizun, laguntza beharrik egongo ez litzatekeen egoera utopikoa amesten dute. “Oxala GKE lez desagertu eta lagun koadrila bihurtuko bagina”, dio Inma Escribanok umoretsu. “Baina mundua zelan dagoen ikusita...” jarraitu du Jose Mari Azkargorta Pitik, errealitate gordina solasaldira ekarriz.

Piti izan zen Kainaberaren sortzaileetako bat, eta beteranoetakoak dira Escribano, Juan Mari Lersundi eta Jose Luis Gomez. Duela 50 bat urte Elorrioko Marianisten ikastetxean egondako Manolo Martinez irakasleagaz hasi zen elkartearen istorioa. Abade egin, eta Kolonbiara bidali zuten; handik, hartuemana mantendu zuen Pitigaz, eta ondorioz, behartsuendako arropa bidaltzen hasi ziren Elorriotik –Kainaberak ez du elizagaz loturarik–.

Bogotako Danubio Azul auzoan eskola bat eraikitzeko dirua batu zuten. Hasieran, Lourdesko Ama ikastetxeko guraso elkarteak ematen zuen babes legala, baina gero, elkarte propioa sortzea  erabaki zuten. “Deialdia egin, eta gure sorpresa izan zen hogeitik gora batu ginela, ez genuen espero”, gogoratu du Pitik.

Martinez eta Zubia
Horrela, Martinezek Kolonbian zituen ametsak egia bihurtzeko laguntzen hasi ziren, hango Fe y Alegría elkarteagaz elkarlanean. Eskolak, etxe sozialak... auzorik auzo lanari ekin zioten. “Fe y Alegríak hezkuntza eskaintzen zuen, estatuak ez zuelako ematen”, esan du Gomezek.

Kolonbiatik beste lurralde batzuetara hedatu zuten elkartasuna. Tanzanian Luis Zubia misiolari elorriarraren eskutik hasi ziren lanean, eta Nikaraguan etxeak eta osasun postuak ezartzeko ideia sortu zen Mitch urakanaren ostean. Bestalde, ume errusiarrak ekarri zituzten Elorriora hainbat udatan. Kainaberako hainbat kide egon izan dira herrialde horietan, egitasmoak bertatik bertara bultzatzen.

Gainera, laguntza ematen ere egon dira; adibidez, Escribano –medikua da–, Nikaraguan egon zen urakanaren ostean, eta duela hile batzuk Grezian egon berri da errefuxiatuekin. “Lehengo Europa famatu horrek ez du ezertarako balio, abandonatuta dauzkagu”.

“Begiak zabaldu”
Escribanoren arabera, Kainaberan egoteak beste ikuspegi bat eman zien: “Behartsuei laguntzea gura genuen, baina konturatu ginen mundua konplexuagoa dela, eta ez direla behartsuak berez, guk pobretzen ditugulako baizik. Begiak zabaldu zitzaizkigun. Bakoitzak bere alea ipini eta justizia lortzea da gure asmoa”. Adibidez, munduaz ikasteko eta herrian sentsibilizatzeko, Maiatzeko Hitzaldiak zikloa antolatzen dute urtero Elorrion, Lersundik kontatzen duenez: “Hedabideek munduaz saltzen digutenaren aurrean, beste ikuspegi bat jaso gura genuen adituekin”.

Elorrion eragiten
Ez dira bizi munduari begira bakarrik, Elorrion ere eragin gura dute. Berbaldiez gainera, jaietan eta Gabonetan jaialdiak garatu izan dituzte, ateratako diruagaz proiektuak sustatzeko, eta gaur egun herriko Elikagaien Bankuan parte hartzen dute. Ferixa Nausikoetan herrian bizi diren kulturen berri ematen dute, integrazioa lantzeko asmoz. Aurten, errefuxiatuen aldeko Zaporeak taldeari eman diote jaian lortutako dirua.

20 bat laguneko taldeak eta 70 bat bazkidek osatzen dute Kainabera. Hasiera hartatik 20 urte joan arren, aurrera begiratzen dute. “Gogoz eta indartsu jarraitzen dugu, eta gazteei animatzeko deia egin gura diegu”, azaldu du Lersundik.

Elorriarrei eskerrak eman dizkie Pitik. “Elorrio sentsibilizatutako herria da. Behar izan denean, jendeak erantzun du”.

Kolonbian altxatutako eskola baten argazkia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!