Kulotxako jaiak: Elorriorako ospakizun berri bat

Anboto 2016ko ira. 21a, 13:06
Sei Urtek kontzertua eskainiko du 22:30ean

Ferixa Nausikoak pasa berri dira, baina Elorrion jai giroan mugilduko dira berriro. Lehen aldiz, Kulotxa auzoko jaiak ospatuko dituzte zapatuan. Bazkaria, jolasak edota Sei Urteren kontzertua prestatu dituzte, besteak beste.

Langile auzo lez sortutako Kuarenta, Lourdes eta Txanberi konektatu egin ziren denboragaz, etxe berrien eraikuntzaren eraginez, eta hainbatek Kulotxa deitzen diote eremuari. Inguruko merkatariek antolatu dituzte jaiak, elkartea sortu eta gero. Goiko aldea girotu, eta jendea erakarri gura dutela azaldu du Txaber San Pedrok: "Hemen ere dendak eta tabernak badaudela erakutsi nahi diogu jendeari".

11:00etatik aurrera, umeentzako jolasak eta tailerrak egongo dira. 12:00etan, poteoa egingo dute, eta 14:00etan bazkari herrikoia, paella erraldoi bategaz (txartelak salgai Xelain, Parran, Toki-Onan eta Xaran). Arratsaldean, kale kulturen erakustaldia eta txokolatadaren txxanda izango da. 20:30ean A Cara Y Cruz taldeagaz kontzertu-afaria eskainiko dute Xelai tabernan, eta 22:30ean Sei Urte talde berriztarraren kontzertuagaz amaituko dute jaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!