Unibertsitaterako bidaiak diruz lagunduko ditu Elorrioko Udalak

Anboto 2016ko ira. 20a, 11:45

Unibertsitatera doazen ikasle elorriarrek garraioaren gastuak arintzeko aukera edukiko dute hemendik aurrera. Izan ere, bidaiak diruz lagunduko ditu Elorrioko Udalak. Elorriotik inguruko unibertsitateetara joateak ikasleei “zama ekonomiko handia” suposatu izan diela esan du udalak prentsa ohar bidez, eta modu horretan, gazteen aspaldiko eskaera bati “irtenbide txiki bat” eman gura izan diotela. Horrelako laguntza bat ematen den lehenengo aldia dela adierazi dute ordezkariek.

Laguntza eskatzeko epea hasita dago, eta urriaren 30ean amaituko da. Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin ahal dute eskaera 17 eta 30 urte arteko ikasleek. Azken urtean langabezian egotea izango da baldintzetako bat, eta 36 kreditutan matrikulatuta edo 18 kreditutako azterketetara aurkeztea izango da beste betebehar bat.

Lehen aldi hau proba lez hartu du udalak, eta horregatik 2.500 euro bideratu ditu. Eskaria handiagoa bada, hurrengo urteetan partida handitzeko asmoa agertu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!