"Jai herrikoi, parekideago eta justuago batzuk izateko norabide onean goaz"

Anboto 2016ko ira. 16a, 10:36

Ferixa Nausikoen inguruko balorazioa bidali du prentsara udalak. Adierazi du eraso sexistak salatzeko ipinitako telefonoan ez dutela deirik jaso, eta horrek erasorik egon ez dela ziurtatzen ez duen arren, bestelako berririk ere ez dutela.

"Badugu zer hobetu eta hobetzen ahaleginduko gara, baina geroz eta jai herrikoi, parekideago eta justuago batzuk izateko norabide onean goaz". Hori da udalak atera duen ondorioa. Jaietan "giro paregabea" egon dela esan dute ordezkariek, eta partaidetza handia egon dela. 1.600 lagun batu ziren Kuadrilen eguneko bazkarian, eta Sukalki egunean 92 talde.

Txosnen kokagunea plazako frontoira eraman dute, eta balantze baikorra egin du udalak: "Uste dugu herriguneak asko irabazi duela txosnen kokalekuarekin". Txosnen batzordearen lana eskertu du instituzioak. Barrakek aparkalekuan jarraitu dute, baina txosnak zeuden espaziora mugituta. Udaletik azaldu dute hasierako balorazioa ona dela, eta auzotarrekin batzartzeko konpromisoa hartu dute. Jaiak hasi aurretik, bizilagunetako batzuk ez zeuden erabakiagaz ados, eta barrakak ere handik kentzea gura zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!