Kulturarteko Jaian batuko den dirua, errefuxiatuei jaten emateko

Anboto 2016ko ira. 9a, 12:10

Kainabera elkartearen eskutik, Kulturarteko Jaia ospatuko da domeka honetan, Elorrioko Ferixa Nausikoen barruan. Hainbat kulturatako jakiak dastatu ahalko dira bertan, eta batutako dirua errefuxiatuei laguntzeko izango da. Hain zuzen ere, Zaporeak proiektuari emango diote dirua; Greziako Chios irlan, hara ailegatzen diren errefuxiatuei jaten ematen dien euskal talde bat da Zaporeak.

Egunean 1.700 jatordu prestatzen dituzte gutxi gorabehera Zaporeak taldeko boluntarioek, duela zenbait hilabetetik hona, gainera. Elkartasun keinu hori ez da batzuen gustukoa; azken egunetan jakin denez, errefuxiatuen aurkakoek Zaporeak proiektua saboteatu dute, euren instalazioetan kalteak sortuz.

Taldeko kide batzuk Elorrion egongo dira domekan, euren egitasmoaren berri emateko.

Bihar, sukalkia
Bihar Sukalki Eguna ospatuko dute Elorrion. Joan zen asteburuan hasitako jaia amaitzeko asteburu betea dator, beraz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!