Elorrioko Ferixa Nausikoak 2016

Euskal produktuak nagusi Ferixa Nausikoetako urteroko azokan

Anboto 2016ko ira. 3a, 12:00

Bihar, 10:00etatik aurrera, abere, nekazarien produktu eta artisautza lanez gozatzeko aukera egongo da Ferixa Nausikoetako azokan.

Herriko txistulari taldeak musika jarrita, goiz osoan zehar giro paregabeaz gozatzeko aukera aproposa egongo da Elorrioko azokan zehar.

Goizean goizetik zabalduko den azokan, nekazarien 60 postu eta artisauen 14 jarriko dituzte. Ferialekuan hainbat produktu erosi eta dastatzeko aukera aparta egongo da Elorrioko, Durangaldeko eta Euskal Herriko nekazari eta artisauek atondutako erakusmahaietan.

Etxeko produktuak nagusi
Azokan, Elorrion hazitako ortuariak, herrian bertan egindako gazta, ogi, pastel, txerriki, sagardo eta txakolina egongo dira eskuragai.

Domekako ferian, elorriar saltzaileez gain, Durangaldeko lehen sektoreko hainbat eta hainbat langilek ere beraien produktuak salduko dituzte. Esaterako, Zornotzako eztigileek, Mallabiko gozogileek, Berrizko nekazariek, Otxandio eta Abadiñoko gaztagileek eta Iurretako eta Zornotzako sagardo eta txakolingileek ere Ferixa Nausikoetako azokan beraien produktuak kalera aterako dituzte.

Azokan egongo diren postuen erdiak Durangaldekoak izango diren arren, Bizkaiko beste hainbat herritatik, Gipuzkoatik, Arabatik, Nafarroatik eta Iparraldetik etorritako hainbat saltzailek ere parte hartuko dute aurtengo azokan.

Artisau lanak
Nekazarien postuez eta urtero egoten diren abereez gain, artisauek ere beraien tokia izango dute Elorrion.
Larruz, paperez zein egurrez egindako eskulanak, bitxiak, loreak eta panpinak erosteko aukera paregabea egongo da bertan.

Saltzaile eta produkturik gehienak Euskal Herrikoak izango diren arren, saskigintza lantzen duen Kantabriako eskulangile baten lanak ere topatzeko aukera egongo da azokan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!