Elorrioko Ferixa Nausikoak 2016

Mila Royo: Nire hankek irauten duten bitartean, hemen izango naiz, danborradan"

Anboto 2016ko ira. 3a, 10:30

Iazko danborradako argazkia.

Danborradaren arima da Mila Royo. Berak mugitzen ditu ume zein helduen danborradetako hari guztiak. Bi hamarkada baino gehiago daramatza ekitaldi ezagun hau antolatzen. Danborradan eta sukalkietan gozatzen du gehien Ferixa Nausikoetan. Oporren bueltan entseguei ekingo diete, dena behar den moduan irten dadin.

Umeen danborrada bertan behera utzi duzue. Zergatik?
Umetan desiatzen egoten dira 7 urte izateko danborradan parte hartu ahal izateko. Gero, nekatu egiten dira. Gurasoek eta umeek ere ez dute konpromisorik hartzen, eta entseguetara joatea beharrezkoa da. Ez dago seriotasunik, eta data txarrak dira. Espero dut ume eta gurasoek ulertzea entsegurik barik ez dagoela danborradarik. Hemendik bi urtera, urrezko ezteguetan, umeek eta helduek denok batera egitea gurako nuke.

Eta helduen danborradan zenbat pertsonak hartuko dute parte?
Kopuru zehatza bezperara arte ez dago jakiterik. Guztira 100 lagun inguru izango dira. Entseguak azkenengo astean egiten ditugu. Iturrizoro elkartekoek beti galdetzen didate zenbat jenderentzat prestatu behar duten afaria. “Okela xerrak eta entsalada ekarri, eta jendea datorren heinean prestatu”, erantzuten diet.

Orain dela 48 urte, zelan hasi zineten danborrada antolatzen?
Elgetan umeen danborrada antolatu genuen [Mila elgetarra da]. Don Felix abadea konbidau joan zen. Gu dantza taldean genbiltzan Elgetan, eta galdetu zigun ea danborradarako arropak eta trasteak nondik atera genituen. Horrela, lehenengo urtean Elorrion ere umeena egin zen, eta ondoren helduena.

Nondik eskuratu zenuten materiala?
Materiala alokatu egiten genuen. Maribel Letona zinegotziak Pedro Eriz alkateari esan zion urtero-urtero ordaintzen ibili beharrean, urterik urte gauzak egiten hasi zitekeela. Elorrioko jostunek hainbat eta hainbat arropa egin dituzte.

Udaletxeko balkoira igotzen zarete?
Plazara goitik behera joaten gara. Ni baserritar jantzita joaten naiz. Nire semeari [zuzendaria da] makila hartu, eta jenerala, kantinera nagusia eta hirurok udaletxeko balkoira igotzen gara. Alkateari makila ematen diogu, eta harek zuzendariari botatzen dio. Tradizio hori ez dakit nondik irten den. Ni honetan hasi orduko ere horrela egiten zen.

Zenbat urte daramatzazu danborrada antolatzen?
Hogeitaka urte izango dira. Ez nuke jakingo urte zahatza esaten.

Hainbeste urtean antolatzaile legez, zer ematen dizu danborradak?
Hau nire bizia da. Urrezko ezteguak egiten ditugunean uztea pentsatzen hasiko naiz. Baina nik neuk ez nuke inoiz utziko, eta beraz, nire hankek irauten duten artean hementxe izango naiz.

Zer da jaietako onena?
Danborrada eta sukalkiak dira jaietako onena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!