Leyre Balerdi: "Etxekoei baino ez nien esan kartela aurkeztuko nuela"

Anboto 2016ko ira. 2a, 13:30
Leyre Balerdi kartel irabazleagaz Elorrioko plazan.

Leyre Balerdik irabazi du aurten Ferixa Nausikoetako kartel lehiaketa. Jaien hasierako txupinazoa islatzen duen kartelak irabazi du ANBOTOk ematen duen 500 euroko saria. 42 urteko arkitekto elorriar honek sari hau irabazten duen bigarren aldia da hau.

Urtero parte hartzen duzu zure herriko kartel lehiaketan?
Koaderno batean ideia pila bat ditut apuntatuta, baina ez dut astirik izaten kartelak egiteko. Aurten, berriz, aurkeztea erabaki nuen, eta egutegian data apuntatu nuen. Azken momentuan aurkeztu nuen kartela. Elorrion lau aldiz aurkeztu dut kartelen bat.

Zelan sortu duzu kartela?
Musika Eskolako ikaslea naizenez, iaz txupinazoan izan nintzen udaletxeko balkoian. Beti izan da emozioz betetako momentu bat. Une hori han goian bizitzea berezia izan zen. Eta iazko txupinazotik sentsazio hori gelditu zitzaidan, serpentinaz betea.

Irabaztea itxaroten zenuen?
Ez, aurkeztu egin dut eta etxekoei baino ez diet esan. Lagunei ez diet esaten. Nire ustez, ez da bidezkoa lagunei esan eta haiek botoa ematera joatea. Konpromiso bat da, eta beraz, nahiago dut horrela izatea.

Teknikoki zelan osatu duzu kartela?
Bi argazki dira, mugikorragaz aterata. Gero, kontraste eta koloreak ordenagailuaren bidez moldatu ditut.
Elorriotik kanpo kartel lehiaketaren batera aurkezteko asmorik duzu?
Ez, baina aurten animatu naiz, lehiaketa asko daude eta. Uztailean eta abuztuan aurkezteko asmoa dut. Egia esan, asko gustatzen zait kartelak egitea.

Lanbidez arkitektoa izanda, zure lanak lagunduko du kartelen diseinuan.
Diseinuak laguntzen du, baina ez da gauza bera. Nire lana planoak marraztea da, beraz hau oso desberdina da. Ideia bat irudi batean islatzea da kontua.

Arraroa izango da kartela alde guztietan ikustea.
Bai, arraroa izaten da jai egunetan herri guztian zehar kartela ikustea.

Inguruko lagunek eta familiak zer diotsue?
Jakin barik batzuek nire kartela bozkatu zuten. Horrek poztasun handia ematen dit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!