Pozik zaudete txupinazoa botatzeko arduragaz?
M.P.: Jaietako zinegotzia etorri zen berria ematera, eta pilo bat poztu ginen. Ardura handiz hartu dugu, eta txupinazo polit bat egin gura dugu, ganorazkoa.
J.G.: Uste dut oso pozik hartu dugula denok. Orain pare bat urte 25 urte egin zituen Intxortak, eta urteurrena izanda, uste genuen guri eman ahal zigutela txupinazoaren ardura. Ez genuen aukerarik eduki, eta orain, pozik gaude.
Intxortako ume izandako begiraleak zarete. Zein oroitzapen duzue?
M.P.: Txikitan hasi, eta ez dakigu ze xarma mota duen, baina engantxatu eta begirale hasten zara. Begiraleak hurrekoak ziren, eta erreferente. Zelan lan egiten zuten eta ondo pasatzen zutela ikusten genuen.
N.G.: Umetan, egundoko esperientzia zela gogoratzen dut. Gainera, autonomo izaten ere laguntzen dizu, zure gauzak egin behar izaten dituzulako. Gaur egun, nire lana dela-eta, ezin izaten dut udalekuetara joan umeekin. Horregatik, administrazioaren ardura daukat nik.
Orain, zenbat begirale zarete taldean?
M.P.: Boluntario lez, urtean zehar hogei bat ibiltzen gara, eta udan 30 edo 40ra heltzen gara. Udako kanpamentura 120 ume eraman ditugu, eta beraz, begiraleak behar dira. Urtean zehar 70 bat ume eduki ditugu. Azken urteetan gorantza egin du kopuruak. Umeek euren artean egiten dute propaganda, gura barik, besteei ze ondo pasatu duten esanez eta anekdotak kontatuz.
Eta zuen ustez zergatik izango da hori?
M.P.: Intxortako kanpamendua apur bat basatia da, lehengoen xarma du. Udako kanpamendua mendian egiten dugu, zelai batean. Izan ere, natura errespetatzen eta maitatzen ikastea da gure helburuetako bat; euskara erabiltzea da helburu nagusia.
Horrez gainera, herrian zelako ekarpena egiten duzue?
N.G.: Beste elkarteei ere laguntzen diegu. Adibidez, gaztetxekoek umeekin tailerrak egin behar dituztenean gugaz jartzen dira harremanetan, edota Erdella mendi taldeko irteera batzuetara joateko ere bai.
Eta maila pertsonalean ere, begirale izatea aberasgarria izango da...
J.G.: Zure koadrilakoak ez diren beste gazte batzuekin harremanak egiteko aukera da, eta Elorrioko umeak ezagutzeko ere bai. Guztiok elkarrekin ondo pasatzea izaten da gure asmoa.