Elorrioko Ferixa Nausikoak 2016

Herritarrak eraso sexisten begirale izateko deia, Ferixa Nausikoetan

Anboto 2016ko abu. 30a, 12:29

Asteburuan hasiko dira Elorrioko jaiak, eta udalak eraso sexisten aurkako dei berezia egin du. Inguruan gertatu ahal diren eraso edo jarrera sexisten begirale izatera animatu ditu herritarrak, eta gertatuz gero, zuzenean esku hartzeko eskatu du.

Beraz, erasoak saihesteko eta salatzeko ardura denona dela helarazi gura izan du udalak. Idoia Buruaga alkateak, Marije Apodaka berdintasun teknikariak, Maitane Lopez jaietako zinegotziak eta Aratxu Uriarte berdintasun zinegotziak eskaini dute prentsaurrekoa, jaietan hartuko dituzten neurrien berri emateko. Besteak beste, 24 orduko telefono bat (688 641 996) ipiniko dute indarkeria matxista salatzeko, eta Uriartek berak edukiko du telefono hori. Buruagak uste du "onartezinak" direla jaietan gertatzen diren eraso sexistak, eta jaiak errespetuz eta askatasunez bizitzeko gonbitea egin du.

Uriarteren berbetan, Ezetza, ezetza da lema zabalduko dute. Tabernei eta barrakei gutun bat bidaliko diete, hainbat aholku eta telefonogaz. Gainera, jaietako esku-liburuan herritar guztiek edukiko dituzte eskura datuak, eta bariku arratsaldean informazio gune bat ipiniko dute plazan. Pultserak ere banatuko dituzte kontzientziatzeko.

"Jai parekideagoak zelan egin"
Bestalde, Lopezek esan du jai batzordean hausnarketa egin dutela, "jai parekideagoak zelan egin" aztertzeko. Hobetzeko esparru bi ikusi dituzte: musika eta kuadrillen jokoak. Musika sexista ez hedatzeko asmoz, taberna eta txosnetan abesti zerrendaren (Beldur Barik BBdj perfila Spotifyn) gomendioa utziko dute. Jokoei dagokienez, orain arte gehienak indarragaz lotutakoak izan ei dira, eta aurten beste ezaugarri batzuk indartuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!