Herri galdeketak egin gura ditu Elorrioko Udalak etorkizunean

Anboto 2016ko uzt. 21a, 13:30

Herritarren partaidetzarako pauso garrantzitsua emango du Elorrioko Udalak udazkenetik aurrera. Izan ere, herri galdeketak egiteko ordenantza bat lantzen dabiltza; zirriborroa beste alderdiei bidali die EH Bilduko gobernu taldeak, eta ekarpenak jaso ostean, udazkenean onartzea espero dute, Idoia Buruaga alkatearen esanetan. “Herritarrei hitza emateko eta parte hartzeko beste tresna bat edukitzea da gure asmoa”.

Ordenantzaren bidez, galdeketak egin gura ditu udalak etorkizunean. “Legealdi honetan herri galdeketa bat baino gehiago egitea gustatuko litzaiguke”, dio alkateak, oraindik gaiak zehaztu barik dauden arren. Beraz, herrian eragina eduki dezaketen proiektuen inguruan bozketak antolatuko dituzte, “eztabaida dagoenean edo galdeketaren premia ikusten denean”.

Herri ekimenak
Bestalde, herritarrek eskura edukiko duten tresna izango da ordenantza. Herri ekimenen bidez galdeketak eskatu eta antolatu ahalko dira, ordenantzan ezarriko den gutxieneko herritar kopuru batek exijitzen badu.

Gure Esku Dagok etorkizun politikoaz galdeketa iragarri du 2017rako, baina Buruagak esan du arazoak egon direla beste herrietan galdeketa horiek udalen bidez garatu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!