Durangaldeko lehen autokarabana gunea inauguratuko dute zapatuan Elorrion

Anboto 2016ko uzt. 7a, 10:16

Turistak herrira erakartzeko baliatu gura dute autokarabana gunea. Zapatuan, 12:00etan izango da inaugurazioa, San Josen bertan.

Autokarabanentzako 10 leku izango ditu, eta beste bi espazio ur zikinak bota edota elektrizitatea hartu ahal izateko. Horrez gainera, mahaiak, txin-txaunak eta berdegune bat egongo dira, karabanistei atseden hartzeko aukera emateko. Oraindik inauguratu barik egon arren, joan zen asteburuan jadanik zenbaitek gunea erabili zutela azaldu du Idoia Buruaga alkateak. "Gustura egon dira, eta udala zoriondu dute". Asteburu honetan datozenei, herrian bisita gidaturen bat egitea eskainiko diete.

Gobernu Planetik
Udalak 100 neurriko Gobernu Plan bat aukeztu zuen legealdirako, eta aurten 32 beteko ditu. Horren balantzea egiteko, prentsaurrekoa eman zuten atzo gobernu taldeko kideek –Aratxu Uriarte falta zen, lan kontuengatik–. Dagoeneko, 18 beteta edo amaitzear ditu, eta horietako bat da autokarabana gunearena. Uztailean zehar, Berriotxoa kaleko sarbidearen kontrola ezarriko dute, eta turismorako webgunea bistaratu ere bai. Udaletxe osteko lursailaren erabilera laster argitzea espero dute, iritzia emateko epea amaitu berri dago eta.

Hemendik eta urte amaierara bitartean 14 egitasmo ipini gura dituzte martxan. Hurrengoak dira horietako batzuk: Herri galdeketak egiteko ordenantza, herriko elkarteen gida, Berdintasun Plan berriaren diseinua, eta Aldapebeitia Txikia eraikineko teilatua konpontzea.

EH Bilduren  gobernuaren lehen urtean "balantze positiboa" egin du Buruagak. Nabarmendu du "talde izaera" dutela, eta herritarren partaidetzagaz garatzen dituztela proiektuak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!