Kainabera elkarteko Inma Escribano eta Iñaki Agiriano Grezian egon dira errefuxiatuei laguntzen

Anboto 2016ko eka. 21a, 09:02

Elorrioko Kainabera elkarteko Inma Escribano eta Iñaki Agiriano Greziako Chios irlan egon dira bi astez, errefuxiatuei laguntzeko asmoz. Itsas Salbamentu Humanitarioagaz batera joan dira.

Hamabost egunerako joan dira hara (denbora horretara mugatzen dira txandak, eragin fisiko eta psikologiko posibleagatik), eta ikusi duten egoeraz kezkatuta daude: "Errefuxiatuen egoera gogorra eta dramatikoa da". Agiriano medikua da eta Escribano erizaina; errefuxiatuei lehen arreta ematen ibili dira. Gainera, kanpamenduetatik ospitaleetara anbulantzian eramaten ere egin dute lan. Beste bost lagunek guardia egin dute itsasora begira, eta errefuxiaturen bat ikustean kostara heltzen laguntzen diete.

Azaldu dutenez, errefuxiatuen hiru kanpamendu daude Chiosen, eta horietako bat hesituta dago. "Oso baldintza txarretan daude". Lau palestinar eta irakiar bat bere buruaz beste egiten saiatu dira. "Ez dute irlatik irteteko aukerarik, Turkiara bueltatzeko ez bada. Ume, emakume eta ezindu asko daude... Guztira, 2.500 bat errefuxiatu egongo dira".

GKE txikien lana
Euregaz batera gobernuz kanpoko beste hainbat erakunde (GKE) daude han, baina GKE txikien lana goraipatu dute, eta "ondoen funtzionatzen dutenak" direla esan dute, euren Itsas Salbamendu Humanitarioa adibide: "Ez da galtzen denborarik eta baliabiderik, ezta dirurik ere paperak betetzen".

Turisten kontrastea
Boluntarioen arabera, Chios ez da inguruetako irla turistikoena, baina turistak ikusi dituzte. Hortxe kontrastea: lantzean behin gurutzaldi turistikoetako itsasontziak ailegatzen dira. "Kuriosoa da jendea hondartzetan eta jatetxeetan disfrutatzen ikustea, baita BMWekin ere".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!