Asiako liztorrak harrapatzeko tranpak ipini dituzte ikasleek

Anboto 2016ko eka. 14a, 11:10
Liztorraren aurkako tranpak Zenitan ipini zituzten.

Elorrioko institutuko Arantza Royuela gurasoa erlezaina da, eta berari esker, ekimen kurioso bezain efizientea sortu dute. Asiako liztorraren inbasioaz kezkatuta, Royuelak gaiaren inguruko klasea eman zien institutuko ikasleei, eta ostean, esperimentua landu zuten. Hain zuzen ere, liztorra harrapatzeko tranpak ipini zituzten ikasleek Zenita auzoan, bost astez. Emaitza itzela izan da: 20 liztor erregina harrapatu dituzte.

Durangaldera duela urte bi heldu zen Asiako liztorra, Frantziatik, eta inbaditzailea da; erleak dira bere elikagai nagusia. Erreginak harrapatzea garrantzitsua da, erreginek gehiago irauten dutelako, eta liztor kopurua handitzen dutelako ere bai. Plastikozko botiletan ardo zuria, garagardo beltza eta basaran zukua nahastuta sortu zuten liztorrak erakartzeko edabea.

“Ikasteko beste modu bat”
Liztorraren esperientzia, irakasle guraso bat izanik, Hauspoa egitasmoari esker garatu dute. Josu Etxaburu zuzendariaren esanetan, “komunitateagaz batera ikasteko beste modu bat” proposatzen dute, ikasketa erakargarriago egiteko asmoz.

Proiektuagaz bideo bat landu dute, eta sari bat lortu dute ON zientzia lehiaketan. Libe Ajuria, Leire Celis, Gorka Santos, Aimar Lizarralde, Jone Garitaonandia, June Elkoro eta Jokin Cadiñanos izan dira ikasleak.

Beste ikasle talde batek ere saria irabazi du berriki, Egin eta Ekin lehiaketan; batez ere, itsuei zuzendutako teleaginte bat imajinatu dute. Jon Larrañaga, Unai Prieto, Maialen Martinez, Aimar Lizarralde eta Eneko Arruabarrena dira irabazleak.

Egin eta Ekin lehiaketan saria irabazi duten ikasleak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!