Bertakoa eta sasoikoa jateko asmoz, sukaldea zabalduko dute Txintxirrin

Anboto 2016ko eka. 2a, 09:15

Irailean etapa berri bat hasiko du Txintxirri ikastolak. Izan ere, sukaldea muntatuko dute ikastetxean, eta bertako eta sasoiko produktuak jatea izango da euren helburua. Zuriñe Zorrozua zuzendariak esan du “gurasoen eskaera historiko bat” dela, eta egia bihurtzeko “inbertsio handia” egingo dutela. 130 ikaslek bazkaltzen dute ikastolako jantokian, eta kanpotik ekartzen dute jatekoa.

Zorrozuak azaldu du lehenengo pausoa sukaldea muntatzea izango dela. Langile berri bat ere kontratatuko dute, zerbitzua aurrera eraman ahal izateko. Sukaldean bertako eta sasoiko produktuak prestatzea da euren nahia, baina sukaldea antolatu eta gero hasiko dira ekoizleekin lanean. Durangoko Kurutziaga ikastolan eredu bera daukate, eta han duten ekoizleen sareagaz ekingo diote elorriarrek lehen pauso lez. “Sare bat sortu beharko da, egunero behar beste janari edukitzeko”, azaldu du zuzendariak. Durangaldeko produktoreak hartuko dituzte kontuan lehenik, eta horien artean, Elorriokoak batez ere.

Ongizatea helburu
Ikasleen ongizatea lortzeko filosofiagaz lanean dihardutela kontatu du Zorrozuak, eta hortxe kokatu du sukaldearen proiektua: “Ikasleen ongizatea eremu guztietan lortzea da gure bidea”. Bestelako egitasmoen artean, haurreskola berria bioeraikuntza ereduagaz sortu zuten. Gainera, Eskola Jasangarriaren bandera lortu berri dute.

Gurasoen ardura
Gero eta guraso gehiago dira eskola jantokietako elikaduraz arduratzen direnak. Kurutziaga eta Txintxirrikoez aparte, Durangaldeko hainbat eskola publikotan antzeko aldarrikapena zabaltzen dabil gurasoen plataforma bat, eta atxikimenduak batzen dabiltza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!