Berdintasun arloaz berba egingo dute Elorrion

Anboto 2016ko mai. 23a, 09:02

Berdintasun Plan berria lantzen dabil Elorrioko Udala, eta, norabide horretan, herriko egoera aztertzen ibili da azken hileetan.

Arduradunek azaldu dutenez, sektore ugaritako 58 lagunekin batu dira, eta, horretaz aparte, inkestak burutu dituzte herritarrekin eta udal beharginekin. Fase hori amaituta, urrats berriak dituzte esku artean: “Informazio asko jaso dugu, eta orain herritarrei hori jakinaraztea eta eurekin kontrastatzea nahiko genuke”.

Horrela, aste honetarako, hainbat deialdi egin dituzte. Gaurko, hilak 23, emakume elkarteak, talde feministak eta interesa duten emakume feminista guztiak gonbidatu dituzte batzarrera, 18:30ean, Iturrin. Bihar, hezkuntza esparruko kideekin batuko dira lehenik, 13:30ean; arratsaldez, 18:30ean, interesa duten herritar guztiei egin diete deia. Eguenean, ostera, udaleko beharginekin eta kargu politikoekin egingo dute topaketa, informatu dutenez.

Izena emateko
Aipatutako batzarretan parte hartu gura dutenek, 94 658 27 12 telefonora deituta edo genero.teknikaria@elorrio.eus helbidera idatzita eman ahal dute izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!