Ainhoa Garro: "Euskal Herrian gidari ona dena munduan zehar lasai ibili daiteke"

Anboto 2016ko mai. 19a, 08:55
Ainhoa Garro Solozabal autoeskolako irakaslea

Ainhoa Garro irakasleak 20 urte daramatza Solozabal autoeskolan lanean, eta denetarik bizi izan du. Solozabal autoeskolak eskaintza zabal eta malgua eskaintzen du gidabaimena atera gura duenarentzat. Euskaraz zein gaztelaniaz, bertara joanda zein on line etxetik… Gaur egungo gizarteko eskakizunak kontuan hartuta diseinatutako eskaintza da. Esaterako, autoko teorikoa bost egunetan atera daiteke ikastaro trinkoen bidez.

‘Azkar eta ondo, usoak hegaz’, dio esaera zaharrak. Ikastaro trinkoak zein punturaino dira aproposak?
Jendeak lehenbailehen atera gura izaten du. Efektiboa da, gehienek gainditzen dute, baina, nire ustez, barneratutako jakintzaren kalitatea gutxitu egiten da. Hainbeste informazio hain denbora gutxian jasotzeak azterketa gainditzeko balio du, baina epe luzera begira, kotxean  eta errepidean ibiltzeko egokiagoa da aste bi edo hiru hartzea teorikoa ateratzeko.

Teorikoa etxetik eta internetez egiteko aukera ere eskaintzen duzue.
Gakoa sartu eta mugikor, tablet zein ordenagailu bidez beren orrialdean sartzen dira testak egiteko. Neurgailu batek esaten die egindako test kantitatearen arabera zein puntutan dauden: %30, %60… Neurgailua puntu berdera heltzen denean, azterketarako prest dagoela esan gura du, eta data bat jartzen dugu. On line bidezko zerbitzu honen abantaila bat da etxetik egin daitekeela, lasaitasun osoz denbora nahierara kudeatzeko aukera eskaintzen duelarik: gauetan, asteburuetan… egin daitezke testak.

Euskaraz ere ematen dituzue klaseak. Auto eta trafikoaren arloko termino espezifiko horietarako, euskara zer mailataraino dago egokituta?
Oraindik ez gaude gaztelaniaren mailan. Ikasterako orduan, euskaldun zaharrei ere kosta egiten zaie. Normalean ez dute gura, berba teknikoak dira eta. Gaztelaniaz kostatzen bada, are gehiago euskaraz. Gainera, gaztelaniaz test asko egin daitezke; euskaraz, aldiz, gutxi. Beraz, prestakuntza arlotik euskarak badu oraindik gabezia bat arlo honetan. Erdibide bat bilatzen saiatzen gara.

Krisiak eragin du negozioan?
Sasoi batean, esaterako, 18 urte egiten zenituenean gurasoen oparia gidabaimena zen. Gaur egun, mugikorra eta teknologia berriak gura dituzte. Lehenago edo geroago karneta ateratzen da, baina, gaur egun, sasoi  batean baino beranduago ematen da prozesu hori. Hala ere, gehiago igartzen da 1996 inguruan jaiotze-tasan izan zen beherakada. Jakina, orduan jaiotakoek oraintxe dituzte 18 urte.

Eta horri zelan egiten zaio aurre?
Beste era bateko kurtsoak eskainiz. Esaterako, galdutako puntuen errekuperazioa, merkantzia arriskutsuen gaineko ikastaroa edo kamioi eta autobus gidariei gaur egun derrigor eskatzen dieten Gaitasun Pertsonaleko Ziurtagiria. Gidabaimenagaz gain, egiaztagiri hau behar dute. Kurtso zorrotza da: ordu asko, derrigorrez bertaratu beharra, garestia ere bada…

Kamioiak gidatzeko eskariak gora egin du?
Bai, asko gainera. Eskaria Lanbideko eskaintza baino handiagoa da, eta hori kudeatu beharra izaten dugu. Eskaria oso handia da. Lanbideren bidez askoz merkeagoa ere bada, 110 euro inguru. Beraz, langabezian dauden askok aukera hori baliatu gura izaten dute. Irakasleentzat ere lan handia da: hiru bat hilabeteko goizak Lanbideko ikasle horiei eskaintzen dizkiet.

Zuek eskaintza zabaldu duzue arazoari aurre egiteko. Baina badago beste bide batzuk hartu dituen autoeskolarik? Publizitate engainagarria…
Ikusten dira horrelakoak ere, beste eremu askotan bezala.  Orduko hainbeste euro diote batzuek, baina gero, ordubete barik 45 minutu direla konturatzen zara. Guk argi dugu gure jardunbidea: egia aurretik.

Autoen teorikoagaz dabiltzazanak klase praktikoetara heltzeko desiratzen egoten dira?
Bai, praktikoa dibertigarriagoa da; teorikoagaz aspertuta amaitzen dute (barreak). Baina kontu honek beste ertza ere badu: teorikora lasai datoz, eta praktikora urduri doaz. Amaxofobia —gidatzeari izaten zaion fobia— kasu bi ere izan ditugu. Biek euren fobia gainditu eta eskerrak eman dizkigute. Shock-terapia da irtenbidea. Bietako batek autobideari zion beldurra; ez bide denei, autobideari bakarrik. Ba, autoa hartu eta egunero autobidean gidatzera joaten ginen beragaz.

Adindun ikaslerik izan duzue inoiz?
Bai. Kasu tipiko bat alargun geratu denarena da. Gidabaimena izaten dute, baina, beharbada, 40 urte daramatzate gidatu barik. Beraz, ez datoz karneta ateratzera, dohainak berreskuratu eta konfiantza hartzera baizik. Hauekin klase praktikoak bereziak dira. Euren ohiko ibilbideetan ibiltzen gara. Normalean egiten dituzten bideak behin eta berriro errepikatzen ditugu, beldurra kentzeko.

Euskal Herrian aldapa eta bihurgune ugari daude. Gidatzen ikasteko gatxagoa da?
Bai, baina horregatik daude hemen oso gidari onak. Aldapak, bihurguneak, aldapa bihurgunetsuak, kale estuak… Euskal Herriko errepideetan gidari ona dena munduan zehar lasai ibili daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!