Hasi dira Elorrioko autokarabana gunearen obrak, eta udarako martxan egotea aurreikusi dute

Anboto 2016ko mai. 18a, 12:42

Durangaldeko lehenengo autokarabana gunea izango da Elorrion eraikiko dena, eta uda honetarako martxan egongo da.

Izan ere, egitasmoaren obrak hasita daude dagoeneko, eta Idoia Buruaga alkatearen arabera, hile bi iraungo dute. Beraz, ekain amaierarako edo uztail hasierarako gunea zabalik egotea aurreikusi dute. Modu horretan, autokarabanekin bidaiatzen duten turistek erreferentziazko leku bat edukiko dute hemendik aurrera Durangaldean. Elorrioko turismo arloan ere eragina edukiko du, zelan ez.

Ura eta elektrizitatea
San Jose kalean egongo da gunea, errugbi zelaiaren inguruetan. 10 autokarabanarentzako lekua egongo da, eta beste bi espaziotan, ur zikinak bota edota elektrizitatea hartzeko zerbitzua eskuratu ahalko da. Interneteko konexioa ezartzea ere aztertzen dabiltzala esan du Buruagak, baina konexio itxia izango litzateke, pasahitz bidezkoa.

Horrez gainera, bertan egonaldia egingo dutenen aisialdiari begira, otorduak egiteko mahaiak eta umeentzako txintxaunak ere ipiniko dituzte zelaian.

San Jose, berrizten
Bestalde, egitasmoak aparteko helburu bat ere jasotzen du bere barnean, San Jose kaleko etxeekin lotuta. Alde batetik, etxe blokeetarako irisgarritasuna hobetuko dute, besteak beste, espaloi bat eraikita. Bestetik,  etxeetarako zerbitzuak ere berriztuko dituzte. Beraz, obrarako lur mugimendua auzoan hobekuntzak garatzeko aprobetxatuko dute udaleko arduradunek.

Ideia, 2013tik
Autokarabanen gunearena ez da ideia berria. Izan ere, 2013an onartu zuen udalbatzak, aho batez. Bildu koalizioak herritarrekin batera landutako partaidetza prozesu batean sortu zen ideia, eta alderdiko zinegotziek udalera eraman zuten proposamena.

Geroztik, udaleko helburuetako bat izan da, baina aurten arte ezin izan dute errealitate bihurtu. Heldu da ordua, eta uda  honetan egingo diete harrera Elorrion autokarabanan dabiltzanei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!