Elorrioko Udalaren bi autori eta udaltzain baten auto propioari eraso diete

Anboto 2016ko mai. 10a, 20:36
Argazkia: Elorrioko Udala

Ezezagun batzuek Elorrioko Udalaren bi autori eta udaltzain baten auto propioari eraso dietela salatu du udalak. Erasoa Elorrioko kiroldegi azpian kokatuta dagoen aparkalekuan gertatu zen larunbat gauez. Udalak azaldu duenez, "Ertzaintzaren Ikerketa Taldearen lehen aztarnen arabera, erasotzaileek aldez aurretik pentsatuta zeukaten zein zen jomuga eta kalteak eragiteko modurik eraginkorrena".

Udalak dioenez, aparkaleku horrek 130 plaza ditu, eta horien artean gainontzekoetatik itxita dauden bi tokiren jabe da udala, beste plaza batzuen antzera. Udaltzaingoaren autoetako bati eta Hirigintza arlorako erabiltzen duten beste auto bati eraso diete. Horiez gain, erasotzaileak Elorrioko udaltzain batek aparkaleku horretan daukan beste plaza batera ere sartu dira, auto propioari hainbat kalte eraginez. 

"Gertakari hauek guztiz soberan daude, eta herritarren batek Udalarekiko kexak baditu, existitzen dira beste bide batzuk kexa eta haserre horiek udaletxean adierazteko. Ez dugu uste era honetan gauzei irtenbiderik eman ahal zaienik, eta orain, zoritxarrez, gutxi batzuek sortutako kalte horiek guztion artean ordaindu beharko ditugu”, adierazi dute udal ordezkariek. 

Ertzaintzaren Ikerketa Taldea erasoa izandako gunera hurbildu eta zenbait azterketa burutu ditu aztarnak bilatzeko helburuarekin. Ikerketak oraindik zabalik darrai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!