Elorrioko langabeen kurrikulumak enpresen esku ipiniko ditu udalak

Anboto 2016ko mai. 3a, 17:20
Herritarren Arreta Zerbitzuan entregatu behar dira kurrikulumak.

Lan barik dauden herritarren kurrikulumak jasoko dituzte Herritarren Arreta Zerbitzuan, eta zerrenda oso hori herriko enpresen eskura ipiniko dute, kontratazio berrietan kontuan hartzeko. Martxoko datuak kontuan hartuta, 327 langabe daude Elorrion.

Idoia Buruaga alkateak eta Jon Ander Gracia zinegotziak aurkeztu dute egitasmoa. Kurrikuluma emateak ez du esan gura lana ziurra denik, baina ideiari balioa eman dio Graciak: "Ez dugu kerik saldu gura, baina kurrikulum horiek Elorrioko enpresen eskura egongo dira". Gainera, bost enpresagaz -Eroski, Besaide, Lynce, Metal Smelting eta Iguria- batzartu dira, eta horien harrera ona izan dela esan du Buruagak: "Enpresa batzuei asmoa azaldu diegu, eta interesgarri ikusi dute. Ziurtatzen dugu lan egingo dugula bertako enpresaburuek bertako langabeen berri izan dezaten eta aukera izanez gero, elorriar langabeak kontratatzera animatuko ditugu". 

Lan barik daudenek Herritarren Arreta Zerbitzuan entregatu ahal dituzte kurrikulumak. Hilabeteko prozesua izango da, eta ostean, enpresei emango dizkiete kurrikulumak.

Hartuemanak
Horrez gainera, enpresekin duen hartuemana sistematizatuko du udalak, eta baita herriko beste elkarte eta sindikatuekin ere. Datozen asteetan batzar erronda garatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!