Intxortan borroka egin zuten emakumeen omenaldian parte hartu du Elorrioko Udalak

Anboto 2016ko api. 25a, 10:00

Intxorta 1937 elkarteak antolatuta, mendi horretan gerran ibili ziren emakume erresistenteak omendu dituzte Elgetan. Aratxu Uriarte zinegotzi elorriarra ere egon da udalaren izenean.

Uriartek "elkartasun eta aitortza osoa" eman dizkie Intxortan borrokan ibili ziren emakumeei. Hain zuzen, 41 emakumek jaso dute omenaldia. "Elorriok modu zuzenean jasan behar izan zuen faxisten etorrera, eta Elorrioko Udaleko ordezkari gisa guzti horiek erakutsitako ausardia aitortu nahiko nuke", azaldu du Uriartek.

Kolektibo horretaz gainera, frankismoaren aurka lan egin zuten emakume guztiak izan dituzte gogoan Elgetan: "Euskal Herriko historia osoan emakumeak izandako garrantziaren seinale besterik ez da gaurko aitortza. Emakume haiek han izan zirelako gara, gaur egun, garena", esan du Uriartek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!