Elorrioko Udalak antolatzen duen Emakume Eskolak egitarau berria dakar hurrengo asteetarako. Lau berbaldi jasotzen dituen ikastaroa da, eta askotariko sexualitate ereduak aztertzeko balioko du. Hain zuzen ere, sexualitateak ulertzeko modu, praktika, diskurtso edota ikuspuntu kritikoak landuko dituzte parte-hartzaileek.
Lehena, hilaren 18an
Lehenengo saioa apirilaren 18an burutuko da, 18:00etatik 20:00etara, psikologian doktore den Eider Goibururen eskutik. Sexu hezitzailea, berdintasun teknikaria, Lahia-Nahia elkarteko kidea eta AbadiñoSex zerbitzuko arduraduna ere bada Goiburu.
Bigarren berbaldia Irantzu Varela kazetariak eskainiko du, hilaren 26an, “maitasun erromantikoa desmuntatzeko” asmoz. Maiatzaren 3an, sexu-genero metamorfosiak artearen ikuspuntutik landuko ditu Ainhoa Guemesek. Zikloa amaitzeko, Inmaculada Mujika lesbofobiaren inguruan arituko da, maiatzaren 10ean.
Inskripzioa, 5 eurotan
Emakume Eskolako ikastaro berrian izena eman gura dutenek hilaren 13a dute azken eguna; udaletxean, Herritarren Arreta Zerbitzuan, www.elorrio.net webgunean edota genero.teknikaria@elorrio.net helbidean eman daiteke izena, eta bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu.