Luhartzen erromeria, Errekakaleko jaietan

Anboto 2016ko mar. 30a, 09:50

Bihar, osteguna, murgilduko dira ospakizunetan Errekakalen, eta domekara arte ez da jai girorik faltako. Pintxopote berezia egingo dute ostegunean, eta barikuan, Luhartz taldearen erromeriagaz gozatu ahalko dute. Bi saio eskainiko dituzte, gainera: 19:30etik 21:30era lehena, eta 23:00etatik 02:00etara bigarrena.

Zapatuan, 17:30ean, pilota partiduak jokatuko dituzte, eta 19:30erako, elektrotxaranga batek lagundutako poteoa antolatu dute. Gauez, musikari egingo diote lekua: Aterpe ondoko arkupean DJ Elepunto egongo da,  Ateneoan DJ Gaua ospatuko dute, eta Gaztetxean Han eta Revolta Permanent taldeen kontzertua jarraitu ahalko da. Elorrioko musikariek osatutako taldea da Han.

Domekan, azoka
Domeka goizean azokak hartuko ditu plaza inguruak. Hain zuzen ere, trukean eta bigarren eskuko produktuetan oinarritzen den azoka da. 10:00etan ipiniko dituzte mahaiak, eta 15:00ak arte bertan egongo dira, jaiari agurra emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!