AHTaren kaltetuei aholkularitza tekniko-juridikoa emango die udalak

Anboto 2016ko mar. 21a, 08:55

Joan zen ostegunean, Espainiar Gobernuko Delegazio-ordeko ordezkariak, ADIFeko langileak, lursailen jabeak eta Elorrioko alkatea AHTaren desjatbetzeen eremuetara hurbildu ziren. Udal ordezkariek diotenez, "Elorrioko Udalak hainbatetan eskatu du, legeak agintzen duen bezala, desjabetza-aurretiko aktak bertan sinatzea". Urrian udaletxean sinatzeari uko egin zion, eta urtarrilean gauza berbera egin zuen Gobernuko Delegazio-ordeko bulegoetan, Bilbon, lege-prozedura ez zela errespetatzen argudiatuta.

Idoia Buruaga Elorrioko alkateak dioenez, udal gobernuak kaltetutako herritarrei babesa helarazi gura die. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu AHTa Elorriotik igarotzea saihesteko, eta, igaro behar bada, ahalik eta eragin gutxien izan dezan".

Udalak gogoratu duenez, AHTaren erdigunean dago Elorrio, sei tramo ezberdin eraikiko baitira herrian. Joan zen astean eginiko desjabetze-aurretiko aktak Elorrio-Elorrio tramoari dagozkionak dira, "besteak aurrerago egingo direlakoan". Elorriok jasango duen ingurumen inpaktua "oso handia" dela azaldu du udalak, batez ere Aidazu eta Iguria auzoetan. "Kalte horiek ahal diren heinean ekiditeko, udalak dagoeneko martxan jarri du kaltetuei zuzendutako aholkularitza teknko-juridikoa. Gaineratu dutenez, "AHTaren obrak martxan jarriko balira, jarraipen batzorde bat osatuko genuke aholkularitza zerbitzuarekin, kaltetuekin, udal-teknikariekin eta ordezkari politikoekin".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!