Zerua argitzera, erabaki eskubidea babesteko

Anboto 2016ko mar. 10a, 11:43

Gure Esku Dago mugimenduak deituta, Argitu erabakia izeneko ekitaldia egingo dute, bihar, Elorrioko plazan.

Herriko zerua argitzeko asmoa dute, erabakitzeko eskubidea babesteko. Biharko hitzorduari Kriseiluen Gaua ere deitu izan diote mugimenduko kideek. Herritar bakoitzak, beroagaz gorantz egiten duen kriseilu bat edukiko du (hainbat dendatan erreserbatu ahal da, eta barikuan emango dute antolatzailek), eta guztiak batera aireratuko dituzte. 19:00etan hasiko da ekintza, eta 300 lagun batzeko helburua dute.

Elorrioko eragile eta alderdi politikoekin batzarrak egiten ibili da, azken hileotan, Elorrioko Gure Esku Dago, eta lanketa horretatik, datozen hiru urteetan herrian zer egin gura duten zehaztu dute. Plan bat eratu dute, eta, haren arabera, 2017an herri galdeketa egitea da asmoa.

Bestalde, apirilaren 23an, bozketa sinboliko bat egingo dute. Galdera zein izango den oraindik ez dakite, baina erabakitzeko eskubidea praktikan ipintzea da helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!