Martxoaren 8a

Ainhoa Azurmendi: “Kirolean estereotipoak irauli egin behar ditugu”

Anboto 2016ko mar. 8a, 09:30

Kirolean berdintasuna landu guran, martxoaren 10ean ikastaroa emango du Ainhoa Azurmendi (Hernani, 1978) psikologo eta kirol aholkulariak, Elorrion

Ainhoa Azurmendi psikologo eta kirol aholkulariak urteak daramatza emakumeen heziketa fisikoa aztertzen, genero ikuspegitik. Martxoaren 10ean, eguena, Elorrioko Kultur Etxean “Kirol esparruan berdintasuna landuz” izenburua duen hitzaldia eskainiko  du, 18:30ean.

Kirol eragileentzat zuzentzen dituzu ikastaroak. Emakume kirolariei ematen zaien heziketa sexista da gaur egun?
Emakume kirolariek ez dute heziketa formal bat izaten. Hitz egin beharko genuke gizarte osoak jasotzen duen heziketaz. Nahiz eta heziketa programak ugaritzen ari diren hezkuntzan, oraindik ez daukagu berdintasunean oinarritutako hezkuntza bat ume txikiek hezkuntzan jasotzen duten heziketa fisikoko ikasketetan, SHEE ikasketetan edo magisteritzako heziketa fisikoko eskoletan. Genero ikuspegi on bat sortzeko, pauso asko daude emateko.

Traba handiak aurkitzen ditu emakumeak kirol esparruan XXI. mendean?
Sozializazio prozesutik modu ezberdinean hezten dira emakume eta gizonak, nahiz eta azaleko gauzak ematen diren, heziketaren arabera. Jartzen dizkiguten arropen, ematen dizkiguten jostailuen edo egiten ditugun ariketa fisikoen arabera, agerian dago ezberdintasunak egon badaudela. Kirol arloan, desberdintasun handiak daude gaur egun, alde ekonomikoan, giza baliabideen banaketan edo arlo materialetan. Esate baterako, formakuntza hoberena duten entrenatzaileek gizonekin egiten dute lan. Instalazio eta ordutegi okerrenak, gainera, emakumeei egokitzen zaizkie.

Zer nolako arazoak daude?
Goi mailako kirolean garrantzia duten horietakoak. Publikoa ez da ohartzen inguruan dauden desberdintasunez. Emakumeei, oraindik ere, estereotipo ugari jartzen zaizkie. Aukeratzerako garaian, badaude estereotipoak jarrera eta jokabideari dagokienez. Formakuntzan, goi mailako kirolariengan berdintasunaren inguruko benetako formazio bat falta da.

Bakarkako kirolak zailtasun gehiago dakarkio emakume kirolariari?
Desberdintasuna eta diskriminazioa daude oro har, eta modalitate indibidualetan  handiagoak dira zailtasunak, mutilekin aritzearen ondorioz. Badira neskak gaztetatik mutilekin ondo konpontzen direnak, baina gehiengoak amore ematen du bere kirol ibilbidean. Oso zaila da, gutxietsita egon, eta jarraitzeko gogoa izatea.

Eta talde kirolak?
Talde kiroletan ere, kirol batzuetan genero ezberdintasunak daude, oraindik. Ordutegi eta entrenatzaile hoberenak gizonezkoen kirolak hartzen ditu, eta honek gutxietsi egiten du emakumeen kirola. Beraz, kirol modalitatearen arabera, zailtasun gehiago daude.

Arlo ekonomiko eta materialean, klubek era egokian kudeatzen dituzte emakumeentzako eta gizonentzako errekurtsoak?
Oro har, legeak ezin die diru publikoagaz lagundu diskriminatzen duten elkarte eta federazioei. Beraz, berdintasuna lortu beharra dago baliabideen banaketan. Emakumeei kalitatezko eskaintza bat ematen zaienean, kirol ibilbidea hobetzen zaie.

Komunikabideek behar besteko esfortzua egiten dute emakumezkoen eta gizonezkoen albisteak parekotasun batetik helarazteko?
Eusko Jaurlaritzaren azken txostenean agerian geratzen da emakumeen albisteak ez daudela, kuantitatiboki, gizonenen parean. Gehienetan, gorputz sexualizatuetan eta kirolarekin zerikusia ez daukaten alderdietan zentratzen dira. Askotan, ez da kazetari lana ondo egiten, eta beraz, oraindik urrun gaude lortu beharreko mailatik.

Eta kirol ikuslegoaren partetik, zer hobetu daiteke?
Hau gizartearen eskutik datorren arazo bat da, edozein arlotan ikusiko dena. Gizartean, berdintasunik ez dagoen heinean, ezin daiteke lortu pareko ikuslego bat. Jendeak ez du interesik jartzen, argudio errazera jotzen du, baina honek ez du balio. Beste herrialde batzuetan, ez da hau gertatzen. Iparraldeko Europako herrialdeetan, eskubaloiak ikuslego anitza dauka. Kanadan ere, emakumezkoen futbolak zaletu ugari biltzen ditu. Zenbait herrialdetan, politika berri asko jarri dira distantzia hori murrizteko, eta hau mundu osora zabaldu beharra dago.

Nazioarteko kirol batzordeak gero eta gehiago sustatzen du emakumeen kirola, baina herrialde garatuetara baino ez da mugatzen, ezta?
Arazo estrukturala dela uste dut. Afrikan, esate baterako, ezinezkoa litzateke arazo hauetaz hitz egiten hastea, oinarrizko eskubide batzuk bermatuta ez dituztenean. Dena dela, emakumeen gorputzak jasaten duen sexualizazioa mundu guztian gertatzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!