Elorrioko txosnak lekuz aldatu, eta barrakak bertan ipintzea proposatu du udalak

Anboto 2016ko ots. 29a, 10:48

Eguenean, txosna eta barraken inguruko batzorde berezia burutu zuten, alderdietako eta txosnetako ordezkariekin, jai batzordekoekin eta Nizeto Urkizuko auzokideekin. Bizilagunek beste ideia bat mahaigaineratu zuten: txosna eta barrakak kiroldegi osteko aparkalekuan ezartzea.

Baina, lursail hori argindarrez hornitzeko 6.000 euroko inbertsioa egin beharko litzatekeela esan du Idoia Buruaga alkateak. Hori dela-eta, txosnak lekuz aldatzea, eta barrakak txosnen lekura mugitzea proposatu du udalak, aurtengo jaietarako proba modura. Hau da, barrakak etxeetatik aldenduko lituzkete, aparkalekuan bertan egon arren. "Neurri horregaz bizikidetza lortu ahal dela uste dugu", adierazi du Buruagak. Barrakak lekuz aldatzeko asmotan, gaia planoaren gainean landu dute barraken arduradunekin, baina leku egokien falta dagoela ondorioztatu dute.

Bestalde, barraken soinu bolumena eta ordutegia kontrolatuko dutela dio alkateak; iaz ere hartu zituzten antzerako neurriak, barraken epealdia hiru astetik hamar egunera murriztuz, besteak beste.

"Nahikoa da"
Batzarrean egon zen auzokidetako batek adierazi du nekatuta daudela, eta lekuak alternatzea gura dutela: "25 urtez txosnak eta barrakak etxe aurrean edukitzea nahikoa dela uste dugu auzokideek. Jaiak denok disfrutatzeko dira. Ez dugu zertan oporretan joan behar, gauez eta egunez ezin dugulako lorik egin. Gainera, kokoteraino gaude 'astebete baino ez da' entzuteagaz".

Auzokideek batzar zabal bat egiteko asmoa dute, eta udaleko batzorde berezia apirilean batuko da berriro. Beste alde batetik, udala eta txosna batzordea hauentzako leku berri bat topatzen hasiko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!