Solasaldiak, tailerrak eta inkestak, Elorrioko Berdintasun Plan berria garatzeko

Anboto 2016ko ots. 16a, 12:52
Ezkerretik hasita, Apodaka, Uriarte eta Buruaga.

Otsailean solasaldiak burutuko dituzte herritar eta udal langileekin, eta martxoan izango dira lehenengo tailer zabalak. Bost taldetan banatuta egingo dira batzar horiek: mugimendu feministako eta emakume elkarteetako kideena, herritar guztiei zabaldutakoa, hezkuntzakoa, udal teknikariena, eta ordezkari politikoena.

Berdintasun Plan berria diseinatzen hasiko da Elorrioko Udala datozen egunetan, eta prozesu horretan, "kolektibo berrietara" heltzea gura dute, Marije Apodaka berdintasun teknikariak prentsaurrekoan azaldu duenez. Arloan lanean dabiltzan herritarrak, elkarteak eta udal ordezkariak eragile aktibo izango dira, baina oraindik dinamika emakume esparru batzuetara ailegatu barik dagoela uste dute.

Erronka horretaz gainera, planari "izaera estrategikoa" emango diote, legealdi politikoen ikuspegitik harago. "Helburua plan estrategikoa egitea da, ez ekintza plan bat", Apodakaren arabera.

Laugarren plana
Idoia Buruaga alkatearen berbetan, herriko laugarren plana izango da. “Udalak urteak daramatza arloan lanean. Uste dugu badela ordua egindako lan guztia baloratzeko”. Otsailean bertan hasiko da prozesua, eta abendurako amaitzea espero dute. Beraz, prozesuari tarte luzea emango diote. Izan ere, hiru fasetan garatuko dute, Aratxu Uriarte berdintasun zinegotziak azaldu lez. Lehenik, orain arteko plana ebaluatuko dute; gero, diagnostikoa landuko dute; eta azkenik, plan berria diseinatuko dute.

Internet bidez ere egongo da ekarpenak egiteko aukera, inkesta bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!