Rosa Azkarate: "Badaude egunak, leku faltagatik, ez duguna musika eskolako eskaintza zabaltzerik"

Anboto 2016ko urt. 29a, 09:26

Garamenditar Agustin musika eskolak ospakizunez betetako urtea izan du 2015a.  ‘Bizia irrika’  abestia sortzeko ere aprobetxatu dute  25. urteurrena. 80 bat ikaslegaz eman zituzten aurreneko pausoak. Gaur egun, 250 ikasle ari dira bertan.

Musika eskolaren 25. urteurrena ospatu duzue 2015ean. Biharamunagaz hasi duzue 2016a?
Abenduko urteurren kontzertua oso bitaminaduna izan zela esango nuke. Oso pozik gelditu zen jendea. Urteko azken ekitaldiagaz harrituta geratu ziren herritarrak ere. Oso ondo antolatutako ekitaldia izan zen, eta uste dut denon ahotan egon dela gabonetan. Ikasle ohi askok parte hartu zuten, gainera. Antton Uriarte ikasle ohiak ahotsa jarri dion ‘Bizia irrika’ kanta berria ere aurkeztu genuen.

Urteurren ospakizunen amaiera gisako ekintzagaz pozik, beraz.
Oso pozik. Urtean zehar hainbat ekintza egin ostean, azken eskola egunean ekitaldi berezia antolatu genuen. Arriola bete egin zen, eta giro paregabea sortu zen. Ekitaldian parte hartu zuten umeek disfrutatu egin zutela uste dut, eta hori transmititu egin zela. Zorion piloa jaso dugu, eta jendea oso gustura geratu da.

‘Bizia irrika’, urteurrenerako sortutako ereserkiaren estreinaldia izan zen.
Bai. Joxe Garaizabalena da letra, eta eskolako irakasle Mikel Gaztañagak egin du musika. Irailean prest genuen. Azaroan egin genuen grabazioa, eta bideoklipa ere bai. Horren guztiaren aurkezpena izan zen abenduko ekitaldia. Oraindik badaude abestia eta bideoklipa batzen dituen CDak, eta erostera animatu gura nuke jendea.

Ikastetxeetako guraso elkarteek hezkuntza musikala emateko ikusi zuten premiari erantzunez eman zituen lehenengo pausoak musika eskolak.
Bai. Umeei musika eskaini gura zietela-eta hasi ziren mugitzen herriko eskoletako guraso elkarteak 80ko hamarkadan. Orduan, irakasleok ikastetxez ikastetxe ibiltzen ginen musika irakasten, eskolaz kanpoko jarduera legez.

1990ean sortu zen elkarte moduan musika eskola.
Eskaintza batu, eta eraikin propioa izateko premia sortu zen. Gainera, aurreikusita zegoen musika eskolak arautuko zituen lege berria. Guraso elkarte guztiak batu, eta elkartea sortu zuten; Elorrioko Udalak eraikina utzi zien —mantenua udalaren ardura da—.

1992an ofizializatu zen.
Orduan sortu zen Musika Eskolaren Legea, eta gurdi horretan sartu ginen. Berez, musika eskola  izan guran sortu zen elkartea, helburu horregaz, eta ez eskola arautua. Zaletasuna sortzea gura zuten, eta herrian umeek musika ikasteko aukera izatea.  Lauzpabost gelagaz hasi ginen: piano, akordeoi, biolin eta saxo eskolak ematen genituen. Urteekin, premien arabera, hazten joan gara; eskaerei erantzuten. Orain, nahiko estu gaude.

Txiki geratu da eraikina?
Bai. Badaude egunak, leku faltagatik, ez duguna eskaintza zabaltzerik. Premiez eta hobetzeko dugunaz jardun dugu udal arduradunekin, baina, ikusteko dago nola bideratuko den hori dena.

25 urte ez da ibilbide laburra. Musika bizi eta irakasteko modua asko aldatu da?
Bai. Irakaskuntzari dagokionez, metodologia aldetik, itzela da aldea. Ordukoak eta gaur egungoak ez dute zerikusirik. Lehen, solfeoa ikasi beharra zegoen aurretik,  gero, instrumentua hartzeko. Orain, instrumentua eta musika hizkuntza batera hasten dira ikasten ume batzuk; izena ere aldatu da: solfeo zena musika hizkuntza da. Zaletasuna sortzea eta musika egitea da, orain, helburua; azterketak ahaztuta ditugu bai gurasoek bai guk.

Eta ikaslearen profila aldatu da?
Bai. Lehenengo urteetan ikasle gehienak umeak ziren: 12 urte arteko neska-mutikoak. Galbahe txiki bat ematen da DBH hasterakoan; eta, gero, batxillergoan ere, askok utzi egiten dute. Baina, duela 6-8 urte, gero eta nagusi gehiago hasi ziren izena ematen. Badago helduen mugimendu bat: ikasle ohiak dira batzuk;  besteak, seme-alabak eskolan dituztenak, instrumentu bat jotzera edota musika apur bat ikastera animatu direnak.

Batxillergoan igartzen da, batez ere, askok utzi egiten dutela?
Ikasketa mailak eskatuta, kanpora badoaz ikastera, badaude  hor hainbat arazo. Aurretik,  baina, Lehen Hezkuntzakoa dago. Adin horretan, garrantzitsua da lagunekin irtetea, bestelako gauzak egitea, eta instrumentu bat jotzeak eskatzen duen ahalegina bestela baloratzen da. Normalean, instrumentuagaz gozatzeko gai direnean, utzi egiten dute. Pena handia da. Hor ari gara, 12-16 urteko gazteak mantentzeko  Konboak prestatzen, ia erakargarriagoa egiten zaien.

Hor ari zarete indarrak jartzen...
Bai. Ia musika modernoagoa eskainiz zerbait egin dezakegun.

Badago instrumentu nagusirik?
Trikitia da erregea edo erregina! Gitarra klasikoaren eskaria ere handia da, benetan. Urterokoak dira horiek. Horrez gain, momentu honetan, bateria eskatzen ari dira asko. Zailagoa egiten zaigu, aldiz, haizezko instrumentuak mantentzea. Horiek erakargarriago zelan egin lantzen gabiltza; musika eskola izateko, derrigorra da-eta instrumentu batzuk mantentzea.

Zein da orain erronka?
Daukagunari eustea nahiko lan gogorra eta garrantzitsua da. Eskaintza zabala dugu, eta hori bizirik mantentzea nahikoa da momentuz. Ikastetxeekin hartuemana mantentzen dugu, eta  kontzertu didaktikoak egiten ditugu eurentzat. Eskolaren funtzionamendua nahiko dinamikoa da, eta hori mantentzea eta berrikuntzaren bat sartzea lan handia da.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!