7.443.000 euroko udal aurrekontua onartu dute Elorrion, EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen botoekin

Anboto 2015ko abe. 31a, 11:46

Gobernu taldetik azaldu dutenez, gizarte arloari eman gura izan diote garrantzia 2016ko udal aurrekontuen proposamenean. Herritarrek eta alderdiek egindako ekarpenak aintzat hartu dituztela nabarmendu dute. Neurri horiekin konforme, Herriaren Eskubideak alderdiak aurrekontuen alde egin du. EAJk, berriz, aurrekontuen kontra bozkatu du, eta onartutako hainbat neurri kritikatu ditu. Kritika horien inguruko eztabaidak EAJ eta EH Bilduren arteko tentsioa azaleratu du.

Aurrekontua 2015ekoa bainio % 4 baxuagoa izango da, eta, azaldu dutenez, jaitsiera horretan eragina izan du Bizkaiko Foru Aldundiko Udalkutxak diru laguntza murriztu izanak. Jon Ander Gracia Ogasuneko zinegotziak adierazi du udala ez dagoela egoera ekonomiko txarrean: "Egoera ona da, baina tentuz erabili behar dira inbertsioak; ezin dugu urtero diru kopuru handia erabili gauza berrietarako". Proiektu berrietarako, 500.000 euroko malgutasuna dutela adierazi dute gobernu taldeko kideek.

Gizarte arloan, egoera sozialaren argazki eguneratua egiteko asmoa agertu zuen Xabier Dominguez arlo horretako zinegotziak: "Egoera kritikoenak ezagutu behar ditugu, ahalik eta erantzun onena emateko". Besteak beste, gizarte langilearen zerbitzua lekuz aldatzeko premia sumatu dutela azaldu dute: "Udaltzainen alboan, intsonorizatu barik dago bulegoa, eta kanpotik entzun egiten dira bertan esandakoak".  Zahartze aktiboa bultzatzeko baliabideak ere jarri gura dituzte, eta herri ortuak atontzeko proiektua ere sartu dute aurrekontuetan.

EAJk gogor kritikatu ditu gizarte arlorako aurrekontuetan egin diren proposamen batzuk. Joseba Mujikak presoen familiei 48.000 euroko laguntza ematea txarto ikusten dutela azaldu du: "Laguntza merezi dute, baina ez diru publikotik, ezker abertzaletik baizik; gizarte larrialdietarako partida ez da kontu politikoetarako erabili behar". Ortu sozialen proiektuaren kontra ere egin dute jeltzaleek, "jende gutxi batzuei" egingo dielako onura: "Ez diezue benetan premia dutenei irtenbidea ematen". Mujikak gaineratu du ortuek lehen sektoreari kalte egin ahal diotela. Idoia Buruagak erantzun dio presoen diru laguntza existitzea eurek ere ez dutela nahi, eta "dispertsioa existitzen bada, EAJri esker" dela. Ortu sozialei dagokienez, herrian egon den eskaera bat dela esan du, eta lehentasuna izango dutela behar gehien dutenek.

Herriaren Eskubidea alderdiak gizarte arloan egin ditu ekarpen gehienak, eta hurrengo urteetan aurrera atera gurako lituzkeen hiru arlo nabarmendu ditu: pobrezia energetikoaren inguruko premiak antzemateko lana, lankidetzara aurrrekontuen %0.7 bideratzeko konpromisoa eta zerbitzuak ahalik eta kanpo kontratazio gutxienekin egiteko azterketa bat proposatu dituzte.

Enplegu eta ekonomia arloan, Pulla-Azkarreta industrialdearen proiektua berriro eztabaidara eroatea da nobedadeetako bat. "Ezinegona sortzen duen proiektua da, eta mahaigaineratzeko arazorik ez dugu", azaldu du Idoia Buruaga alkateak. Joseba Mujikak proiektu hori "ezinbestekoa" dela esan du, "langabezi tasa baxuko Elorrio gura badugu". 

Ingurumen arloan, AHTaren inguruko aholkularitza teknikoa kontratatuko du udalak 2016an. Helburua "lanen kontrola egitea eta auzokideek ahalik eta kalte gutxien sufritzea" da. Aholkularitza horretara 23.000 euro bideratuko dira, eta EAJk neurri hori ere kritikatu du. Lan hori udaleko ingurumen teknikariak egin dezakeela, eta aholkularitza teknikoagaz AHTaren kontrako kanpaina egin gura izatea leporatu dio EAJk EH Bilduri: "Ez da aholkularitza inpartzial bat izango; baietz ezker abertzale inguruko enpresa bat kontratatu". Alkateak erantzun dio aholkularitza ez dela trenaren kontra egiteko izango: "Kaltetuek baztertuta eta bakarrik egon direla helarazi digute". Orain arteko lanen ostean, inguruak "hankaz gora" gelditu direla azaldu du Buruagak, eta kaltetuei aholkularitza ematea eta obren jarraipena egitea dela asmoa. Horretarako udal langileak ez duela denborarik azaldu dute, eta Galdakaon eta Durangon, adibidez, aholkularitza kontratatu egin dela AHTaren gaia lantzeko.

Parte hartzeari buruz ere eztabaida izan dute EAJk eta EH Bilduk. Joseba Mujikak kritikatu du herritarrek ez dutela aurrekontuetan parte hartzeko aukerarik izan: "Elorriar guztiak albo baten utzi dituzue eta aurrekontuak ez dira elkarlanean egin". Idoia Buruagak gezurtatu egin du kritika hori, eta, besteak beste, gobernu plana osotzeko egin duten parte hartze prozesua ekarri du gogora. Gainera, igerilekuak hobetzeko eta jaietarako iradokizun postontziak jarri dituztela azaldu du, eta arloka parte hartze mahaiak martxan jartzen dabiltzala, auzo kontseilua eta kirol mahaia indartzen, adibidez.

Inbertsio nagusiak

- Eleizalde futbol zelaiko belarra aldatzera (181.000 euro)

- Hezkuntza eraikinetako azpiegiturak hobetzera (63.171)

- Barrenetxekua –Aldapebeitia txikia– jauregiko teilatua aldatzera (13.000)

- Ortu sozialak (25.000)

- Errebonbilo kaleko urbanizazioaren antzeko proiektu teknikoak idaztera (30.000)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!