Bihartik aurrera hasiko dira Elorrioko 2016ko egutegia zabaltzen. Herriko argazki zaharrak ikusi ahalko dira, Luis Madina argazkilariak batutakoak eta Euskal Museotik hartutakoak. Elorriarren testigantzak ere idatzita agertuko dira, Elorrioko Toponimia eta Elorrioko Berbetia liburuetatik hartutakoak. Bittor Uriarte Euskara teknikariak azaldu duenez, 2002an hasi ziren egutegia kaleratzen, 500 alegaz, eta gaur egun, dagoeneko, 2.400 banatzen dituzte.
Guztia Interneten
Egutegiaren aurkezpenean Gotzon Barandiaran ere egon da, Elorrioko euskararen inguruko ikerketak Interneten eskegi dituen Dijitalidadea enpresako arduraduna. www.elotop.net atarian, toponimo guztiak sailkatuta ipini dituzte, gaika edota lekukoen arabera, besteak beste. "Interneti buruz ezer ez dakienak ere topatzeko moduan" ipini dute Barandiaranen esanetan.
Gainera, lehenagotik ikastetxeetan ere landu izan dute gaia, eta atal hori ere badago webgunean, ariketa eta guzti. "Ondarearen transmisioa ezinbestekoa da bizirauteko".