Gaur goizean egin dute maratoia aurkezteko prentsaurrekoa, eta Seoanegaz batera, Idoia Buruaga alkatea, Down sindromea duten Mikel Jauregi eta Unax Lopez, eta azken honen aita Alex Lopez ere egon dira. Jardunaldian parte hartzera deitu du Buruagak: “Etorri eta parte hartu dezala jendeak, egunak mereziko du eta”.
600 pultsera
Goizeko 09:30ean hasiko da maratoia, kiroldegian, spinninga praktikatzen. 11:00etan, leku berean, jumpingaren txanda izango da. 11:00etan ere, baina aparkalekuan, errugbi tag-ean jolastu ahalko da, eta 12:30ean zumba dantzatuko dute plazan.
Parte hartu gura dutenek kirol bakoitzerako diseinatutako pultsera erosi beharko dute. Errugbikoak euro 2 balio du, eta gainerakoek 5. Kiroldegian eta Parra tabernan eskuratu ahalko dira pultserak, eta baita egunean bertan ekitaldietan ere. 600 bat pultsera atera dituzte antolatzaileek.
Elorrion, babestuta
Alex Lopez eta Unax semea elorriarrak dira, eta “Elorrion beti babestuta” sentitu direla adierazi du aitak. Domekako ekimena eskertu du: “Horrelako gehiago egin gura ditugu”. Unax bera da Down sindromedunek kirola egin ahal dutenaren froga, igeriketan dabil eta.
Oscar Seoanek aldarrikatu du kirolak garrantzia handia duela Down sindromea dutenentzat, arlo fisikoko onura ekartzeaz gainera, taldeko balioak ezagutzeko aukera bat delako. Horregatik, domekan Elorrion ospatuko jardunaldia “oso positiboa” dela azaldu du.