Hirugarrenez, odoloste lehiaketa eta odoloste pintxo lehiaketa egingo dute, Elorrioko Buzkantza Jaian

Anboto 2015ko abe. 2a, 09:23

Elorrioko buzkantza, zazpi libra eta bost ontza, dio esaera zaharrak. Aurten hirugarren urtez, Buzkantza Jaia egingo dute Elorrion: abenduaren 6an, domeka, odoloste txapelketa izango da herriko elkarte gastronomikoetan. Domekatik martitzenera, bestalde, herriko zazpi taberna eta jatetxek odoloste pintxo bereziak eskainiko dituzte, herritarrek dastatu eta bozka eman dezaten. Azoka bereziak ere izango dira plazako frontoian; domekan EMEko merkatariena, eta martitzenean, artisau eta ekoizleena.

Abenduko zubiko hotzak berotzeko, aurten hirugarren urtez, Buzkantza Jaia izango dute Elorrion.

Domekan, abenduaren 6an hasiko dute egitaaua. Egun osoan Elorrioko dendek kalera aterako dute euren jeneroa, EMEk antolatutako azokan. Eguerdi partean, 12:00etatik 14:30era odoloste txapelketa egingo dute. Hainbat odoloste egileren odolosteak dastatzeko aukera egongo da Buskantz, Alkartu, Pitxar eta Lagun Toki elkarte gastronomikoetan. Epaimahaiak antolatutako lau odoloste finalista egongo dira dastatzeko herri-dastaketa horretan. Ondoren, 14:45 aldera, sari banaketa egingo dute plazako frontoian.

Pintxo lehiaketa

Domekan bertan, eguerdiko 12:00etan ekingo diote baita, odoloste pintxo lehiaketari. Aurten zazpi taberna animatu dira odolostea oinarri duten pintxoak lehiaketan aurkeztera: Txirri, Gari, Lejarazu, Batzokia, Parra, Xara eta Tanger izango dira lehiaketako parte-hartzaileak. Tabernaz taberna dabiltzan herritarrek pintxoak dastatu eta euren balorazioa egiteko aukera izango dute horretarako propio banatutako eskuorrietan. Pintxo lehiaketa martitzen eguerdian amaituko da. Domekan eta astelehenean 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era dastatu ahalko dira pintxoak, eta martitzenean, goizez azken pintxoak dastatu eta gero, 14:30 aldera egingo dute sari banaketa.

Martitzenen goizean, gainera, ekoizle eta artisauek azoka egingo dute plazako frontoian.

Tokian tokiko odolostea

Horretaz guztiaz gain, Eroskin tokian tokiko ekoizleen odolosteak izango dira salgai abenduaren 5ean eta 7an. Jaki horiek erosteko % 25eko deskontuak prestatu ditu saltokiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!