Pediatra berria euskalduna izatea eskatu du Elorrioko alkateak

Anboto 2015eko azaroaren 27a

Elorrioko pediatra laster jubilatuko da, eta bere partez beste bat ipiniko du Osakidetzak. Baina, herritarren artean kezka bat zabaldu da: pediatra berri horrek euskaraz jakingo ote duen. Horren harira, arazoari aurrea hartu, eta eskaera ofiziala egin du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak. Hain zuzen ere, Osakidetzako Barrualde-Galdakao zonaldeko zuzendariari pediatra berria euskalduna izatea eskatu dio, gutun bidez.


Euskararen normalizazioaren bidean, Buruagak aparteko garrantzia eman die umeentzako zerbitzu publikoei: “Etorkizunean herri euskalduna izaten jarraitu nahi badugu, bizitzaren hasieratik ekin beharko diogu bide horri”.

D ereduko ikastetxeak
Elorrio herri euskalduna dela esan du Buruagak, eta hori datuekin islatu gura izan du gutunean. 2011n Jaurlaritzak egindako ikerketaren arabera, elorriarren %61 da euskalduna, eta beste %20 euskara ulertzeko gai da. Gainera, ikastetxe guztiak D eredukoak direla nabarmendu du alkateak.

Pediatrari eskerrak
Bestalde, erretiroa hartzear dagoen “pediatra estimatuaren” lana eskertu du Buruagak.

 

Elorrioko alkateak bidali duen gutuna:

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!