Elorrioko alkateari, Errebonbilo kaleko segurtasunaz

Txus Arrieta Barinagaerrementeria 2015ko aza. 13a, 14:17

Ana Otadui alkate ohiari Errebonbillo kalean segurtasuna eta zebrabide nagusia berma zezala eskatu nion 2013ko abuztuaren 19an. Gogoratu nahi nuke EAJren orduko erantzuna: “Lehenengo eta behin, eskerrak ematea egiten didazun ekarpenagatik, segurtasuna eta guztion bizi-kalitatea hobetzea ekarriko duelako. Bigarrenik esatea, arazoa aztertu eta neurriak hartuko ditugula”

Errebonbillo kalea, beharbada, oinezkorik gehien dabilen kalea izango da, erabat arriskutsua, duen zebrabide eskasagatik, eta txarto aparkatutako autoengatik. 2015ean Errebonbillo kalean gobernu berriak piboteak jarri dituenean, aldiz, auzotar batzuek salaketa jarri dute, eta ez dute ikusi nahi, pibote horiek, tabernariek legez egindako terrazaren eskariari erantzun ez ezik, oinezkoen segurtasunari ere erantzun nahi diotela. Beraz, Idoia Buruaga alkate andrea, Urarka kaleko bizilaguna naizen aldetik, honakoa eskatzen dizut:

a) Errebonbillo kaleko irisgarritasuna aztertzean, autoen irisgarritasuna ez ezik, oinezkoen segurtasuna ere kontuan hartu.

b) Oinezkoek errepidea zeharkatzean, segurtasuna bermatuko lukeen zebrabide nagusi bat jartzeko aukera paregabea aztertu, Erreka kaletik Urarkara doan zatian, hain zuzen, gaur zubi gaineko aparkaleku bihurtua den errepidean.

c) Behingoz, dagoen zebrabide eskas eta arriskutsu hori kendu, txarto aparkatutako autoen eraginez, oinezko edo umeren bat auto batek aurretik eroan baino lehen.

Kontuan hartuko duzulakoan, adeitasunez,

Txus Arrieta Barinagarrementeria, Urarka kaleko bizilaguna (Elorrio)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!