EAJk Elorrioko gobernuaren gestioa kritikatu du

Anboto 2015ko urr. 28a, 16:00

EAJk zorrotz hasi du oposizioko lana, eta EH Bilduren lehen hileotako gestioa kritikatu du. Idoia Buruaga alkateak  “herritarrak alderdien arteko tirabiraz nazkatuta” daudela uste du.

EAJko Joseba Mujikaren ustez, “desgobernua eta jarduera eza” dira nagusi Elorrion. Hori esateko adibide lez,  batzorde bi oraindik ez direla batu ere egin salatu du, Parte-hartzekoa eta Turismokoa hain zuzen. Gobernuaren "gelditzea" sahiesteko, hamaika proposamen aurkeztu ditu EAJk, besteak beste, Argiñetako musoea egiteko proiektua eta Belengua kalea oinezko bihurtzekoa. Gainera, dekretu bidez gobernatzen dela dio: “Ez da gobernatzeko estilo gardena”

Buruagaren esanetan, jeltzaleen jarrerak “tristetzen” du: “Elorrioko EAJk, alkatetza galdu duenetik, gurekiko hitz iraingarriak baino ez ditu erabili”. EH Bildu lanean badabilela esan du: “Batzordea deitu ez arren, gure eguneroko kudeaketa parte-hartzean oinarritzen da”. Batzordeak behar direnean egingo dituztela dio: "Tontakeri bat da batzordeak ezertarako deitzea". Lana defendatzeko adibide lez, Turismoko arloan Aldundiagaz elkarlanean dabiltzala nabarmendu du, eta txosnen eta barraken inguruan aozukideekin egindako batzar zabalera beste alderdiak ere gonbidatu zituztela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!