Oier Dominguez: "Sentsorez eta telekomunikazio sistemez hornituta gaude gu geu"

2008an hasi zen Oier Dominguez ‘Giza begia’ doktoretza tesiagaz. Egindako ekarpenari Cum laude eman diote irailean; nazioarteko aipamen berezia ere bai. Phoenix-ko St.Joseph ospitalean (AEB) eta Brenoko unibertsitatean (Txekiar Errepublika) egon da lanean.


Zertan oinarritu duzu zazpi urteko ikerketa lan hau?
Argazki-kamera arrunt batek 35 mm-ko foku-distantzia izan dezake. Eta futbol-zelaietan erabiltzen diren teleobjektiboek askoz handiagoa, jakina! Egungo mugikorretako kamarek, bestalde, zortzi edo hamar megapixel dituzte. Giza begiaren lenteak, aldiz, 16 mm-ko foku-distantzia hartzen du gehienez, eta 0,02 megapixel baino ez ditu begirada finkaturiko ikusmen esparru horretarako. Orduan, nola liteke horren ondo ikustea? Horri erantzun diogu. Bainugelan dagoen ulea ikusteko gai gara gu. Argazki-kamera batek ez.

Eta zein da erantzuna?
Irudia erretinan ondo proiektatzen dela uste dugun arren, ez da horrela. Oso ondo fokatu arren, irudia lausotuta dago. Difrakzioa deritzo horri. Eguna argitzean, pertsianako zirrikitutik sartzen den argiak proiektatutako irudiagaz berdina gertatzen da. Edozein proiekzio beti dago lausotua, apur bat bada ere; inperfektua da beti, salbuespenik gabe. Eta burmuinak inperfekzio hori erabiltzen du begiaren gaitasun hori lortzeko: informazioa puntu bakar batean beharrean, puntu askotan dago, eta hori guztia jasotzeko pretatuta dago begia. Horri esker ikusten dugu horren ondo!

Zergatik giza begia?
Antenen inguruan nintzen egiteko doktoretza tesia. Baina, tesiaren zuzendari izango nuena ezagutu nuen, Nafarroako unibertsitatean, eta gai hau proposatu zidan, ekarpen garrantzitsua egingo zuelakoan. Hala ere, antenekin lotura handia du.

Zein da, ba, ekarpen hori?
Oso sentsore gutxi ditu begiak, 0,02 bat megapixel baino ez. Baita kamera edo irudigintza sistema batzuek ere: terahertz sistemek. Argi ikuskorra hartzen dute ohiko kamerek; infragorriek, berriz, berotasuna edo gaueko irudiak. Horren azpitik, terahertzetan, argi edo uhinek propietate oso bereziak dituzte: adibidez, besoari argazkia aterata, azaleko minbizia duen ikusi genezake. Ekarpen handia da hori; izugarria da teknologia horrekiko interesa. Terahertzetan, lainoa garden bihurtzen da, beraz, zergatik ez sortu irudigintza sistema bat, baldintzak egokiak ez direnean, hegazkinek lur har dezaten? Oso puntako sektorea dago hor. Arazo bat dago, baina konpondu beharrekoa.

Zein da arazo hori?
Gutxienez, 0,2-0,3 megapixel behar dira irudi bat ateratzeko: 200.000 edo 300.000 pixeleko kamera behar dugu, eta 200.000 edo 300.000 antena txiki. Zein da arazoa? Uhin maiztasunean, behera joan ahala, antenen tamaina gero eta handiagoa dela. Argi ikuskorreko kamera batean leku txikian integratu genezakeena, terahertzetako kameran sartzeko, itzelezko lekua behar dugu. Beraz, sentsore asko behar ditugunez, zelan lortu eroangarria den sistema? Hor dago arazoa.

Horretan lanean ari dira?
Batzuek 100.000 edo milioi bat sentsore erabili beharrean, bakarra erabili dute, kanoi bat bailitzan. Hala ere, horrela, denbora asko behar da irudi bat sortzeko, minutu bat inguru. Ezingo genuke hegazkin batean erabili. Gainera, hor legoke bereizmenaren arazoa. Begiak oso sentsore gutxigaz, megapixeldun kamera batek lortu ezin duena lortzen du: hartara, 16 mm-ko  foku-distantzian, gura beste megapixeldun kamera bategaz ez dago bainugelan dagoen ule hori ikusterik; begiak, aldiz, ikusten du. Zergatik? Ez duelako difrakzioa erabitzen.

Tesian horixe arrazoitu duzue.
Argazki bat lausotu eta gero, “deslausotu” egin daitekeela frogatu dugu; gainera, bereizmen hobeagaz. Difrakzioaren bidez lortzen da hori: hobeto ikusi daiteke, eta aurretik ikusi ezin zena, ikusi. Adibidez, matrikula bat. Horixe egiten du begiak. Alderantziz ezinezkoa da: lausotu gabeko irudi edo argazki bati ezin zaio bereizmena gehitu. Hala ere, guk eredu perfektu bat landu dugu: gaur egun, edozein sistematan dagoen zarata ez dago begian. Tesian zarataren arazoa konpontzeko dago.

Errealitate izango da inoiz, azaleko minbizia ikustea?
Bai, dudarik gabe. Begiaren paradigmagaz eroangarritasuna konpondu dugu. Landutako prozedura matematikoagaz, sentsore gutxigaz bereizmen altua lortu daitekeela frogatu dugu, eta ekarpen handia da terahertz sistemetarako. Posible dela erakusten digu giza begiak. Hala ere, nola egiten du zarata saihesteko? Horri erantzun behar zaio.

Telekomunikazioek eragin itzela dute gure egunerokoan, eta guztiz arrotzak zaizkigu.
Arrotzak baino, esango nuke, kutxa magiko bat lez ikusten direla. Telefonoa, reuterra, argazki-kamera... hor daude, zerbait egiten dute, argi batzuk dituzte... baina ez galdetu nola! Telekomunikazioek gure bizitzan duten eraginaz ez gara kontziente, ezta gu geu sentsorez eta telekomunikazio sistemez hornituta gaudela ere. Ikusmena adibidez: argi ikuskorra begira sartzean, begian ditugun antenatxoek seinale elektriko bihurtuko dituzte uhin elektromagnetiko horiek. Seinaleok kortex bisualera joango dira, eta horrek ikusitakoa interpretatuko du.

Ikusminik sortzen dute telekomunikazioek?
Tesiaz galdetuta, eta izenburua esatean, sortu du ikusminik bai. Telekomunikazioa misterioz betetako kutxa dela uste dugun arren, oinarrian oso sinplea da. Ez da mundu magiko eta misteriotsua, zientzia desmitifikatu egin behar da; ez litzateke horren arrotza edo tabua izan behar. Egunerokoan erabiltzen dugu, eta gizartearen zein munduaren zati da. Bizitza ikasgai transbertsala da; hortaz, gehiago jabetu beharko ginateke.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.