Zirkulazioaren murrizketa Alde Zahar osora hedatzea aztertzen dabil Elorrioko Udala

Anboto 2015ko urr. 15a, 09:27

EH Bilduko gobernu berriak Berrio-Otxoa kaleko zirkulazio ordutegia murriztu du, eta Alde Zahar osoan gauza bera egitea aztertzen dabil. Izan ere, konturatu dira jende askok ez duela ordutegia karga edo deskargak egiteko erabiltzen, aparkatzeko edota bidea laburtzeko baizik. Berez, oinezko kaleak dira, eta auto asko pasata, zorua kaltetu egiten dela uste dute arduradunek, saltokiei eta oinezkoei ere mesederik ez egiteaz aparte. Edozelan ere, behin betiko erabakia merkatarien eta auzotarren iritzia jakin ostean hartuko dute. Joan zen egueneko udalbatzarrean berba egin zuten gaiaz, EAJk erabaki horren inguruan galdetu eta gero.


Ordutegia eta sistemak
Idoia Buruaga alkateak azaldu zuenez, Berrio-Otxoa kalea goizeko lehen orduan bidea laburtzeko erabiltzen du jende gehienak; “zirkulazioaren %90”, hain zuzen. Horregatik, ordutegia 07:30etik 08:30era atzeratzea erabaki zuten uda hasieran. Gainera, itxiera ordua 12:00etara aurreratu zuten, baina jaien ostean, 13:00etan ezarri dute. Buruagaren esanetan, “saltokiak ez kaltetzeko” hartu dute erabaki hori.

Buruagak aurreratu zuen ez dela ordutegiaren kontua bakarrik, Alde Zaharreko sarrerak kontrolatzeko sistemak ere begiratzen dabiltzala. Adibidez, barruan denbora mugatu batez egoteko eskubidea ematen duen sistema baloratzen dabiltza.

Buruagaren arabera, datozen asteetan batzarra egingo dute Berrio-Otxoa kaleko merkatariekin, zirkulazioa kontrolatzeko modua adosteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!