Sukalkiaren moduan, denboraz eta astiro-astiro hasiko dira bihar herritarrak giroa berotzen. Goizeko 08:00etan elkartuko dira Aldatsekuan, mahaiak banatu eta lekuak hartzeko. Gero, sukalkia prestatzeari ekingo diote, eguerdirako mahai gainean prest egon ahal izateko. Ehunka lagunek parte hartuko dute indar handia duen jaietako ekintza honetan.
Arratsaldeko 17:30ean karrozen jaitsiera egingo dute plazaraino, eta Durangoko Batukada Feministak lagunduta burutuko dute ibilbidea.
Esne Beltza, txosnetan
Jaia borobiltzeko, dantza egin ahalko dute gauez; Gaztetxean DJ-ekin, Urarkan Custom orkestragaz, eta txosnagunean Esne Beltza eta Skakeitan taldeekin. 23:00etan hasiko da kontzertua, eta seguru gazte ugari erakarriko dituela.
1.600 lagun bazkarian
Joan zen asteburuan hasi ziren jaiak, eta domekako tradiziozko feriaz aparte, Kuadrilla Eguna izan zen astelehenekoa. 86 kuadrilla batu ziren bazkaltzen, eta guztira 1.600 bat lagunek parte hartu zuten. Gainera, 30 tortilla aurkeztu zituzten txapelketan, eta irabazleei bertako produktuen otzara bat eman zieten.
Idoia Buruaga alkateak azaldu duenez, jaiak ondo joan dira orain arte. Gainera, egunak lasai pasatu direla dio: “Guk dakigula, behintzat, ez da gauza txar aipagarririk gertatu, eta pozik gaude horregatik”.