Bihar, berriz, arratsaldeko 17:30ean, Elorrioko II. Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute San Agustinen. Iaz berreskuratu zuten lehiaketa hau, urteetan antolatu barik egon eta gero.
Iluntzean, berriz, txupinazoaren txanda izango da. 25. urteurrena ospatzen dabilen Garamenditar Agustin Musika Eskolak jaurtiko du aurten txupinazoa. Rosa Azkarate musika eskolako zuzendariak izango du txupinazoa botatzeko ardura. Udaletxeko balkoitik sorpresaren bat edo beste eskainiko dutela aurreratu du Azkaratek.
Gauean, berriz, Elorrion tradizio handia duen danborradak giroa alaituko du.
60 postuko azoka
Ferixa Nausikoei izena ematen dien ekitaldia domekako azoka izaten da. Aurten, azokan ipiniko dituzten 60 postuetan, hainbat ekoizle elorriarren ortuari, jaki eta eskulanak egongo dira salgai. 20 postu jarriko dituzte, hain zuzen, elorriarrek. Durangaldetik ere hainbat baserritar eta artisau joango dira Elorriora nork bere postua atontzera. Berrizko nekazariak, Otxandioko eta Abadiñoko gaztagileak, Mallabiko eta Mañariko okin eta gozogileak, Iurretako txakolingileak eta Durangoko eta Atxonoko bitxigileak Ferixa Nausikoetan protagonista izango dira.
Urtero bezala, gazta lehiaketa burutuko dute gaztarik onena aukeratu eta saritzeko. Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak eta eguerdiko 14:30era arte izango da zabalik.
Datozen egunetan ere ez da jai girorik faltako Elorrion. Astelehenean, esate baterako, koadrilen bazkaria izango da. Datorren zapaturako, ostera, Sukalki Eguna prestatuko dute. Iluntzean, berriz, Esne Beltza eta Skakeitan taldeek kontzertua eskainiko dute.