Zein irizpide jarraitu duzu jaietako kartela sortzeko?
Kartel honegaz azokari keinu bat egin gura izan diot, feria delako berez jaiei izena ematen diena. Nekazariek urte osoan jasotzen dute uzta, eta azokara ekartzen dute. Beraz, jaietan badugula zer jaso islatu gura izan dut kartelean. Kuadrillen Eguna, Sukalki Eguna, txupinazoa... Hori izango litzateke zaku horretan jasotzen dena.
Diseinu aldetik, zelan landu duzu kartela?
Zakuaren irudia argazki bat da berez, eta letrak-eta era digitalean eginda daude.
Orain dela urte bi kartel lehiaketa irabazi zenuen. Iaz ere lanen bat aurkeztu zenuen?
Bai, aurkeztu nuen, baina ez nuen aurtengo zortea izan, eta ez nuen irabazi. Herriko jaiak izanda, gustuko dut parte hartzea, eta diseinuan ibiltzea ere bai. Sari bat lortzeko aukera ere hor dagoenez, azken urteotan urtero parte hartu dut.
Aurten irabaztea espero zenuen?
Egindako kartelagaz gustura gelditu nintzen, baina gauza oso subjektiboa da. Agian zuri gustatu ahal zaizu, baina herriak eta epaimahaiak hor badu zeresana. Beraz, norberak egindakoagaz gustura gelditzea da garrantzitsua.
Norberak diseinatutako kartela norberaren herrian alde guztietan ikusteak zer sentsazio sortzen dizu?
Emozioa sortzen dit. Irabazi duzula esateko deia jasotzen duzunean, emozio handiz jasotzen duzu. Udaletxean kartela formatu handian jartzen dute, Musikairekoa egon den lekuan, eta saltokietan ere bai. Familiakoak hor ibili ziren kartelak eskatzen, etxean gordetzeko.
Beste kartel lehiaketaren batean parte hartu izan duzu?
Iurretako jaietako kartel lehiaketan lan bat aurkeztu nuen, baina, bestela, Elorrion bakarrik hartu dut parte.