Berrio-Otxoa eguna ospatu dute Elorrion

Anboto 2015ko uzt. 4a, 16:32

Herriko patroiaren eguna ospatuko dute gaur, Elorrion: Berrio-Otxoa eguna. 08:00etan herriko ermitak zeharkatu dituen ibilbide bategaz jarri dute egitaraua martxan. 12:00etan, meza nagusia eman dute, basilikan. Aurretik, udal ordezkariek udaletxetik basilikara arteko bidea txistulariekin zeharkatu dute. 13:00etan, jendetza batu da Berrio-Otxoa kalean Iturri-zoroko kideek prestatutako luntxean. Urtero moduan, elizpean postua jarri dute eskapularioak, monjen mostatxoiak, pomada eta beste hainbat produktu eskaintzeko. San Balentinen bizitzari buruzko liburuak ere salgai jarri dituzte.

Arratsaldean jarraituko du jaiak, batez ere musika ekitaldiekin. 18:30ean, Trikitilari Gazteen Elorrioko II. Txapelketa jokatuko dute, eta, 20:00etan, orfeoiak kontzertua emango du, Santa Anako kaperan. Gauez, Musikaire jaialdiko kontzertuagaz amaituko dute Elorrioko patroiaren eguna. Tola jauregian joko du Annie B Sweet abeslari espainiarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!