Ekainaren 12an zabalduko dituzte Eleizaldeko igerilekuak

Anboto 2015ko eka. 5a, 12:30

Elizaldeko kanpoko igerilekuak ekainaren 12an zabalduko dituzte, udako denboraldiari begira. Dena prest egoteko hiru obra egin ditu udalak; euriteen ondorioz galdara gela eta aldagelak konpondu behar izan dituzte, atseden hartzeko berdegunea handitu dute, eta herrigunetik Elizalderaino doan bidea zabaldu dute.

Azken obra hori oinezkoen segurtasuna hobetzeko egin dutela azaldu du Joseba Mujika jarduneko alkateak. Izan ere, oinezkoak eta autoak pasatzen dira bertatik. Azken lanak egiten dabiltza, eta hilaren 11rako prest egongo da bidea.

Idoia Buruagak (EH Bildu) EAJren gestioa kritikatu du: “Pena da, proiektua korrika egiteagatik, igerilekuak berriro martxan ipintzeko 100.000 euro baino gehiago erabili behar izana”. Gainera, adierazi du gobernu taldeak ez diela esan “benetako emaitza ekonomikoa” zein den, baina ohartarazi du “aurreikusitako defizita hirukoiztu” egin dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!