Ahmed Ettanji: "Marokoren krudelkeriari makillajea kentzen diogu"

Anboto 2015ko mai. 29a, 11:49
Martitzenean Elorrion egon da Ahmed Ettanji, Lajwadek, Portalekuak eta Euskal Fondoak gonbidatuta.

Sarriago entzuten da Aljerian errefuxiatutako saharauien kasua, Sahara okupatuan daudenena baino. Bigarren horiek bizi duten blokeoaz berba egin du Ahmed Ettanjik (Aaiun,  1989) Elorrion, Lajwadek, Portalekuak eta Euskal Fondoak gonbidatuta.


Zer da Equipo Mediatico?
Equipo Mediaticon gazteak, preso politiko ohiak eta giza eskubideen aldeko kideak gaude. Gure helburua Mendebaldeko Saharako okupazio agintariek ezarritako blokeo informatiboa haustea da. Gure lana manifestazio baketsuak eta bertako esku-hartze polizialak grabatzean oinarritzen da. Adibidez, kaletik ezin dugu grabatu, baina kamera frankotiratzaileak izaten ditugu, teilatuetan ezkutatuta, urrutitik grabatzeko. Buletin informatiboak ere idazten ditugu lau hizkuntzatan, mundu guztiak ezagutu dezan han gertatzen dena. Bestalde, erresistentzia zibilaren garrantziaz jendea kontzientziatzea da gure lanaren atal bat. Lan horrek guztiak arrisku handia dakar; gure erakundean atxiloketa ugari egon dira, mehatxuak, tratu txarrak, probokazioak...

Zure anaia ere atxilotu berri dute, ezta?
Bai. Dokumentu bat ateratzera joan zen, eta marokoarrek probokatu eta atxilotu zuten. Hainbat orduz txarto tratatu zuten, eta nitaz galdetu zioten, nire kontaktuez, gure ekintzen inguruan...

Zuen lana ez dute gustuko...
Gure lanak okupazio agintariak gogaitzen baditu, ondo egiten gabiltzalako dela uste dugu. Kazetari boluntarioak gara, erresistentzia zibilaren parte, eta Marokoren krudelkeriari makillajea kentzen diogu. Erakunde ilegala gara, autodeterminazio eskubidearen aldeko erakunde guztiak bezala.

Zer egoera bizi duzue gaur egun Sahara okupatuan?
Lurralde okupatuetan erresistentzia zibil eta baketsua dago. Gure oinarrizko eskubideak aldarrikatzen gabiltza, autodeterminazio eskubideari indarra emanez. Ekintza politiko guztietan, jarduera polizial oso bortitzekin egiten dugu topo; torturak, atxiloketa arbitrarioak, bortxaketak eta hilketak daude. Gainera, Marokoko kartzeletan 50 preso politikotik gora daude; urtebetetik biziarteko kartzela-
zigorrak dauzkate, soilik Sahararen independentziaren eskubidea aldarrikatzearren.

Gora egin du presio zibilak?
1991n Fronte Polisarioaren eta Marokoren artean su-etena sinatu zuten, eta erreferenduma egitea adostu zuten. Oraindik ez da erreferenduma egin, Marokok oztopo asko ipini dituelako. Orduan ere bazegoen erresistentzia baketsua, baina, gaur egun, indartu egin da. Teknologia eta sare sozialei esker, blokeo informatiboa apurtu ahal izan dugu.

Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Bide baketsuan sinisten dut, baina, nazioarteko komunitatearen isiltasun konplize eta luzearen ondorioz, gazte asko erradikalizatu egingo direla uste dut, Nazio Batuengan konfiantza galtzen dabiltzalako. Nazioarteko komunitateari egozten diot sortu ahal den kaosaren ardura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!