Victor Pozas: "AEBek Irak inbaditu izan ez balute, gaur egun ez litzateke Estatu Islamikorik existituko"

Anboto 2015ko mai. 18a, 19:00

Kainaberak gonbidatuta, Estatu Islamikoa (EI) hartuko du hizpide Victor Pozasek, maiatzaren 20an (19:00etan Iturrin). Komunikazio irakaslea da EHUn, eta Hegoa nazioarteko kooperazio eta garapenari buruzko ikerkuntza institutuko kidea ere bada.


Zelan sortu da Estatu Islamikoa?
Irakeko gerran du jatorria. Al-Zarquik, Irakeko Al-Qaedako liderrak, sortu zuen Estatu Islamikoaren (EI) enbrioia –AEBen bonbek hil zuten–. AEBen kontrako borroketan aldizkako erakundea izan zen Irakeko Al-Qaeda. Baina, duela lau urte, Siria gerran sartzean, Irakeko Al-Qaedako buruetako bat zen Al-Baghdadik berezko ikusi zuen Siriara zabaltzea.

Zergatik?
Sirian gobernuaren aurka altxatutakoak sunitak direlako. Estatu Islamikoan sunitak izanik, Irakeko –xiitek agintzen dute, AEBek sunitak suntsitu ondoren– eta Siriako erreboltariak ordezkatzen ditu.Eta, zelan ez, euren interes propioak ere defendatzen dituzte, terroristatzat hartu arren. Asko direla? Askoz gehiago izan daitezke orandino. Mendebaldarren kontrakoa baino xiiten kontrakoa da EIren borroka. Sirian erakunde sunita batzuen kontra egin du, bai, baina, Al-Assaden gobernuaren kontrako borrokan bere hegemonia mantentzeko da hori .

Siria ia osoa dute euren esku?
Siria, eta Irak ere bai. Mosul (Irak) hiria­ hartu zuen iaz, xiitek osatutako armadak armak utzi ondoren. Berez, armada okupatzailea zen, populazioa, ohiturak... sunitak ziren eta.

Estatu Islamikoa sunitek osatzen dute.
Bai, eta estatu suniten babesa du: Arabia Saudi, Arabiar Emirerri Batuak eta Turkiak armekin eta diruagaz laguntzen diote.

EIren jatorriaren atzean AEBak daude?
Espekulazioak dira. EI bonbardeatzen dabiltza, soldaduak bidaltzen... Egia den arren AEBekin aliantza garrantzitsuak dituztela EIri laguntzen dioten herriek.

Ez du koherentzia handirik.  
Ihes egiten digun koherentzia bat egongo da. Ekialde Ertainean hegemonia nork duen dabiltza erabakitzen: gobernu sunitek (Arabia Saudi, Arabiar Emirerri Batuak eta Turkia) edo Iranek ( gobernu, erlijio eta ohitura xiitekin). Interes propioen kontrako efektua eragin zuten AEBek, Saddam Hussein boteretik kentzean, gobernu xiita sartu zen eta. Islama sortu zenetik Ekialde Ertainaren erdigunea (Iran, Irak eta Siria) xiiten esku dago lehenengoz. Horrek estutasunean jarri du suniten hegemonia; batez ere, Arabia Saudin. Interes propioak daude.
 
Sortutako gerren ondorio da EI.
Ez. AEBek Irak inbaditu izan ez balute, ez legoke Estatu Islamikorik. Estatu Islamikotik dioten bezala, modu ilegalean eta indar masiboa erabiliz euren herria okupatu gura zuen indar atzerritar baten kontra hasi zuten borroka.  

Europak ez du ezer esan.
Gauza gehienetan lez, beste alde batera begiratzen du. Potentzialik ez du, beste maila batean jokatzen du, baina zeozer egin dezakeela uste dut; baina ez du gura. Europako Batasunak Al-Assaden kontrako talde errebeldeak –EI izan ezik– babesten ditu Sirian, eta handik ehunka mila errefuxiatu dabiltza Europara sartu guran (asko Mediterraneoan hil dira). Ekialde Ertaineko gerra Europara heltzen dabil, baina, beste alde batera begiratzen du Europak.

Zerbait esan beharko du, baina, Europak.
Azken proposamena izan da etorkinak dakartzaten ontziak bonbardatzea. Itsasontziak kendu, urperatu eta etorkinen arazoa konponduko da. Hori da okurritu zaien kirtenkeria eta krimena!

Udaberri Arabiarragaz ere lotu dute.
Lotura bakarra leku berean gertatzen dabilela da. Udaberri Arabiarra demokrazia sentimendu bat zen; eta, azkenean, (Tunisia izan ezik) berdin edo txarrago –Libian, Sirian eta Egipton– amaitu dute.

Al-Qaeda eta EI banatuta daude orain.
Bai, eta aurrez aurre. EIk erabilitako indarkeria gehiegizkoa iruditzen zaio Al-Qaedari; mundu musulmanaren irudiaren kalterako dela diote. Gainera, estrategikoki, militarki, oso ikuspuntu desberdinak dituzte: Al-Qaedak mundura zabaldu du jarduera; EIk han egiten du borroka, apurka-apurka mugimendu horren lidergoa aitortu dioten arren, Libian, Egipton, Afganistanen, Filipinan... Al-Qaedak ez bezala, lurralde bat okupatzen du : Siria ekialdeko zati handiena eta Irak iparraldearen gehiengoa (200.000 m2-tik gora). Boteretsua da, eta epe luzerako estrategia du: estatu bat sortzen dabil.

Bere indarra Ekialde Ertainean dago .
Duda barik. Bere indarraren %99 Sirian eta Iraken dago. Bere borroka xiiten kontrakoa da; Charlie Hebdo aldizkariren kontrako erasoa eta tankerako beste ekintza batzuk euren izenean aldarrikatu dituzten norbanakoenak dira. EIren indarra han dago. Horrek egiten du arriskutsu. AEBek ere aitortu dute ez dutela aurkitu horrelako gaitasun ekonomikoa, logistikoa eta estrategikoa duen erakunderik: 20.000 atzerritar baino gehiago daude eurekin, europar eta estatubatuarrak. Zabaldutako bideoetan agertutako sarraskiekin erakartzen dituzte gazteak.

Harritu egiten du horrek.
Gu bai, baina hemen ez dira oso pozik biziko. Espainiako gerrara milaka gazte etorri ziren, Estatu Islamikoaren kontrako balioek bultzatuta. Hori berori maila orokorragoan egin dezakete: islamaren borroka da mendebaldearen kontra; gurutzatuen –AEBak, Britainia Handia, Frantzia...– kontra. Gu beldurtzen gaituenak beste batzuei adorea ematen die.

Islamofobia existitzen da?
Irailaren 11ko atentatuen ondoren, baietz esango nuke. Ez hainbeste Espainian: sentimendu antimusulmana eskuin muturraren ingurura mugatu da. Baina ez da pentsaezina. Alemanian, Britainia Handian eta AEBetan sortu da horrelako sentimendu bat. Kontzeptu arazo bat da, arrazakeria, eta ez informazio falta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!