Udalak 5 puntutik 3,9ko balorazioa duela dio Elorrioko gobernu taldeak

Anboto 2015ko mai. 4a, 13:26

Elorrioko Udalak kontuak jendaurrean aurkezteko prozesuak balorazio positiboa izan duela azaldu du gobernu taldeak (EAJ) prentsa ohar bidez. 5 puntu posibleetatik 3,9 puntuko batez bestekoa jaso duela jakinarazi du. Guztira, 130 elorriarrek hartu dute parte asebetetze maila neurtzeko martxan jarritako galdeketan. 

Balorazioa egiterako orduan, azken lau urteetan udalerrian gauzatutako 22 proiektu hartu dituzte erreferentziatzat.

Balorazio altuena jaso duen proiektua pertsona nagusiei zuzendutako suteen aurkako sistema da –5 puntutik 4,5 eskuratu ditu–. Bigarren lekuan, eskolako bidean egindako lanak eta auzo taxi zerbitzua daudela azaldu du gobernu taldeak.

Aurreratu duenez, hobetu beharreko gaien artean udal kiroldegiaren kudeaketa, Pulla Azkarretako Plan Partziala eta udaltzaingoaren egoitza berria daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!