Segurtasuna hobetzeko, Elorrioko sarreran hiru pasagune ipiniko dituzte

Anboto 2015ko api. 28a, 11:04

Segurtasuna hobetzeko helburuz, San Agustinen hiru pasagune ipiniko dituzte. Urrian oinezko bat hil zen zebrabidean, auto batek harrapatu eta gero.

Aldundiaren errepide zatia da, eta udalaren kezkaren ondorioz, bertan semaforo bat ipintzea adostu zuten instituzio biek. Horrez gainera, jasotako pasaguneak sortzea ere eskatu zuen udalak. Hori egia bihurtu ahal izateko, errepide zatia udalaren jabegokoa izatera pasatuko da –800 metro inguru–. Izan ere, Aldundiak ez ditu jasotako pasabideak ezartzen bere errepideetan. Edozelan ere, Aldundiak ordainduko du obra.

Biribilgunetik elizara bidean ipiniko dituzte pasagune bi, Benteruena eta Otxoena baserrien alboetan. Hirugarrena, elizatik Kurutzebarrira bidean, gaur egun semaforoa dagoen lekuan. Gainera, errepidea estutuko dute, eta guztia kontuan izanda, autoen abiadura bajatuko dela aurreikusi dute.

Atzoko osoko bilkuran Bildu abstenitu egin zen, eta PPko Carlos Garcia ez zen egon. Bilduko Xabier Orbegozok salatu zuen ez dutela informaziorik eduki, eta hamar egun bakarrik pasa direla proiektua batzordean aurkeztu eta onartzeraino. Ez hori bakarrik; gobernu taldeak San Agustineko auzo elkartearekin ez duela hartuemanik eduki kritikatu zuen. Joseba Mujika alkateordeak azaldu zuen zuzenean kaltetuak edo onuradunak diren bizilagunekin egon direla, eta alderdiei informatzeko borondatea eduki dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!