Elizaldeko igerilekuak konpontzen hasi dira

Anboto 2015ko api. 22a, 09:30

Urtarril amaieran izandako euriteen ondorioz, urak gainezka egin zuen Elizaldeko igerilekuetako galdara gelan eta aldageletan. Udalaren arabera, hodiek ez zuten jasan ur kantitate guztia, eta, gainezka egitean, urez bete ziren gela bi horiek, kalteak eraginez. Arazoa konpontzeko lanak hasita daude, eta udalak 100.000 euro erabiliko ditu gastua betetzeko. Aseguru etxeagaz eta Aldundiak ezbeharrei aurre egiteko eskaintzen duen diru-laguntzagaz inbertsio osoa kubritzea espero dute udal ordezkariek.


Ekainaren 15ean hasiko da igerilekuen denboraldia, eta ordurako obrak amaituta egotea aurreikusi dute, Joseba Mujika alkateordeak dioenez: “Hasi dira konponketa lanak, zabaldu beharreko egunean instalazio guztiak behar bezala funtzionatzen eta baimen guztiak indarrean egon daitezen”.

Birritan egin du gainezaka urak. 2014ko uztailean zabaldu zituzten igerilekuak, eta inauguratu eta egun gutxira ere urak gainezka egin zuen. Bilduk presaka ibiltzea egotzi zion gobernu taldeari.

Bestalde, atseden hartzeko eremua 1.000 metro karratutan handitzen dabiltza, eta instalazioetara joateko bidea ere badabiltza zabaltzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!